Mendien Nazioarteko Eguna
Abenduak 11, Nazioarteko Mendien eguna izendatu zuten Nazio Batuek 2002an. Aurtengo deialdiaren leloa, mendietako biodibertsitatea babestea da eta zoritxarrez aurten ere ez dago ospatzeko handirik. Euskal Herrian gure mendiek kanpo espezieen baso landaketak eta epe motzerako kudeaketa plan desegokiak pairatzen dituzte, besteak beste.
Gure eskualdean Aralar Natur parkea ere arriskuan dago. Bere kudeaketan interes pribatuak lehenetsi dira eta horren ondorioz ez dira ordenantzak eta antolamendu plana era egokian betetzen. Parke Naturalen helburua Biodibertsitatearen Kontserbatzio eta Babesa dira baina arau hausteen kontrolik gabe ezinezkoa da helburuak betetzea. Higadura arazo larria izanik ez dira neurriak hartzen, abere gain karga dago...
Gainera gure mendiak herri bihurtu nahi dituztela dirudi motor ibilgailuak erraz igo daitezen pista berriak eginez. Azken urteetan egindako bi pistek sortutako kalteak begi bistan daude: lurzorua eta larreen galera, ur zirkulazioan aldaketak, espezie babestuen galera, gatazka soziala, paisai inpaktuak, ibilgailuen trafikoa areagotzea, kutsadura eta zarata handitzea…
Aste honetan bertan, hainbat mendizale elkartek eta mendizalek sinatu duten idatziak, "Enirio-Aralar babestu", oso ondo adierazten du Aralarren dagoen ibilgailuen kontrol ezaren aurrean sortu den ezinegona. Eta gu ere bat gatoz idatzi horrekin.
Erakundeen betebeharra legeak betetzea da, eta beraien esku dago elkarbizitza eta elkarlana sustatzea eragile guztiak kontutan hartuz gure Parke Naturalak denon artean zaintzeko.
Herriak herri Mendiak mendi!