Mikel Fernandez Minguez

Mila esker

Ez dago ukatzerik saharar herriaren aldeko mugimendu-sarea garrantzi handikoa dela Euskal Herrian, baita Espainian ere. Izan ere, joaten zaren lekura joaten zarela herri horri sostengua ematen dion elkarteren bat topatuko duzu. Haietako batzuk orain 50 urte sortu ziren; bestetzuek, ordea, ez daukate hainbeste eskarmenturik, baina guztiek bat egiten dute hainbat egitasmoren kudeaketan, zeinaren bidez basamortuan bizi diren pertsonen ongizatea hobetzen baitu. Oporrak Bakean da haietako bat, eta esan beharra dago ume sahararrentzat ezinbestekoa dela; azken batean, basamortuko bizi-baldintzak gogorrak dira, are gogorragoak, udan zehar. Zentzu horretan, elkarteek egiten duten lana-txikitxo horiek eremu horretatik atera daitezen-ikaragarria da, eta goraipatu nahi dut: 4 hilabeteen zehar familia-harrerak lortzeaz arduratzen dira, eta horretarako mota askotako jarduerak antolatzen dituzte, esaterako, hitzaldiak, bideoak sare sozialetan, iritzi-artikuluak prentsan. Zer esanik ez, dokumentu asko bete behar dituzte burokrazia asetzeko, eta hori guztia egiten dute boluntarioek, zeinek saharar herriarekiko duten konpromisoa eredugarria baita. Ekainean gaude, eta Oporrak Bakean egitasmoa ate joka dabil; horregatik, zure herriko igeritokian edo parkean haur sahararrak ikusten dituzunean, kontuan hartu ume horien egonaldiaren atzean itzelezko lana dagoela. Hori horrela, Euskal Herriko Mendebaldetik, Barakaldotik hain zuzen, Oporrak Bakean egitasmoa ahalbidetzen duten elkargoei eskertu nahi diet beren konpromisoa borroka honekin. Egunen batean gure lagunek askatasuna lortuko dute, eta, horren ondorioz, Oporrak Bakean programa bukatutzat emango dugu; bien bitartean, lanean jarraitu behar dugu, ez dago besterik.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar