Mikel Fernandez Minguez | Barakaldo

Milesker

Azaroa da, zoritxarrez Saharar Herriarentzako hilabete beltza. Orain dela 44 urte Estatu espainiarrak abandonatuta utzi zuen eta horrek, Madrileko hitzarmenak izan eta gero, Marokoren inbasioa ekarri zuen. Izan ere, Mendebaldeko Saharan bizi zen jendeak behartuta ihes egin behar izan zuen eta napalmarekin egindako bonbardaketa pairatu ostean basamortu krudel batean errotu behar izan zuen. 44 urte hauetan Madrilen jarrera berdina izan da: estatu zapaltzaile baten aldekoa.

Iaz Fronte Polisarioren eta Marokoren arteko bi topaketaren ostean, nahiz eta txikiak izan, aurrerapausoak eman ziren. Bi aldeek hitza eman zuten etorkizunean berriro elkar ikustea; denbora pasatu den heinean, ordea, konturatu gara Marokoren beste estrategia faltsu bat izan dela. Fronte Polisariok exijitzen du bere autodeterminazioaren eta bere estatu propio bat edukitzeko eskubidea berma dezala (Hala 1990ean sinatu zuten aurrez aurreko parteek, NBE lekuko gisa). Honekin batera, Nazio Batuen Erakundeak ez dauka inolako asmorik edo gaitasunik egoera desblokeatzeko.

Pasa den astean Borrellek (Espainiako Atzerri ministroa)hautsak harrotu ditu egindako adierazpenekin. Saharan dauden errefuxiatu-kanpalekuetara ez joatea aholkatu du, atentatu terrorista arriskuagatik. Adierazpen hauek Borrellek egin ditu Marokoko Atzerri ministroarekin bildu ostean eta argi dago beste behin, Espainiak Marokok agindutakoa jarraitzen duela. Denok dakigu Saharar Herriak laguntza humanitarioari esker bizirauten duela. Izan ere, Marokok nahiz espainiar Estatuak ez zuten nahi Saharar Herriak inolako laguntzarik jasotzea. Aitak abendua gorriz markatuta dauka. Orain dela 20 urtetik abenduko zubia baliatzen du bere Saharako familiarekin egon ahal izateko eta bihar inoiz baino gogo handiagorekin hartuko du hegazkina. Milesker Borrell.

Saharar Herriak beti jaso ditu itxaropen faltsuak eta gezurrak; hortaz, nekatuta dago. Abenduan Fronte Polisarioren batzarra izango da eta bistakoa da inportanteenetarikoa izango dela, zeren guda danborrak gero eta ozenago entzuten ari dira. Saharar Herriak frogatu du baketsua eta egonarriz betetako herria dela baina…

Buscar