Juan Luis Mugertza Unanue

Motxilaren astuna

Manifestaziora joateko distantzia arazo handirik ez omen dute ikusi, baina oraingoan ere, ez dira animatuko. Etxearen epelean hartuko dute aterpe gehienek, antza, eta ausartenek telebistan ikusiko dute Bilbokoarena. Izan ere, eguraldiak ez omen du lagunduko, eta ez dute inolako arriskurik hartu nahi, badaezpada. Gainera, ez omen daude prest izerdia alperrik botatzeko, eta oxigenorik gabe aldapan gora eta behera kaleetan egiteko. Aukeran, hobeto daude orain arte moduan, motzean, gustuko soka kideekin, eta ez bide berriak zabaltzen, noraezean. Dirudienez, gailurrak egiteko sortu dira, eta ez pisuaren astuna, sherparena egiteko. Hauek oso ondo dakite esku hutsik joanez gero, pauso arinagoa dela, eta besteek sekulako arazoak dituztela aurrera egiteko, paisaiaren ederrari erreparatzeko. Bai, oso ondo dakite politika horrek laguntzen diela gailurrera lehenago heltzen, eta ikurrina eskuan,  gustukoak ondoan, argazkirena egiten, gero paparrean domina jartzeko, eta giza eskubideen alde, itsu-itsuan egiten dutela esateko. Bai, oso azkarrak dira, nahiz eta jakin, motxiladun umeen sufrimendua luzatzeko baino ez duela balioko.

Buscar