Edurne Ustaritz Goikoetxea

Mugak gainditu dituen herri baten arnasa

Nork esan behar zigun CII proiektuak kaltetutakoen plataformako kideoi, gaur, gure ibilbidea hasi eta hiru hilabetera, Espainiako Diputatuen Kongresuak, 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura, onartu duen 476.000 euroko partida ospatuko genuela. Diru hori Andoain pareko N-1 eta A-15 errepideen arteko loturarako trazadura-proiektua idazteko onartu da. Eta aurrekontu horri esker, Andoainen indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako helburuekin bat datorren proiektu bat birpentsatu ahal izango da.

C2 proiektuaren kaltetuen plataformaren iritziz, ondoriozko arazoei erantzuteko hurrengo urratsek administrazio publikoaren izena daramate. Batetik, Gipuzkoako Aldundiarena, berari dagokiolako Andoaingo Udalbatzak irailaren 12an hartutako erabakia errespetatzea: CII proiektuaren inguruan abian dauden prozedurak geldiaraztea, Andoaingo plan orokorrean ezarritako helburuekin bat datorren proiektu berri baten eguneratzea berriz pentsatzeko.

Eta, bestetik, Andoaingo Udalak bere gain hartu behar duen erantzukizuna dago, onartu berria den dirua zuzenean datorrelako Andoainera. Hori kudeatzeko ardura bere gain geratzen da trazadura-proiektu alternatibo bat idazteko, ingurumenarekiko jasangarria izango dena, pertsonen interesak errespetatuko dituena eta, aldi berean, indarrean dagoen hiri-antolamenduko plan orokorrean jasotako helburuak bideragarri egingo dituenak.

Pozik gaude Andoaingo herriaren arnasak udal-mugak gainditu dituelako 476.000 euro lortzeko, giza komunitate bizi, kohesionatu eta berdintasunezkoa eraikitzen lagunduko duen proiektu alternatiboa idazteko helburuarekin. Andoaingo herritarrok harro eta eroso sentitzeko moduko herria eraiki nahi dugu; hirigintza atsegina, irisgarria, interakzio espazioekin, tokiko garapen ekonomikoak ahalbidetuko dituena eta, batez ere, kutsadura atmosferikorik eta akustikorik gabeko ingurunea. Asko eskatzea al da?

CII proiektuak kaltetuen plataformako kideok pentsatzen dugu badaudela egiteko bestelako moduak, badagoela esperientzia, jakituria eta inteligentzia herrian eta kanpoan, Madriletik Andoainera zuzenean datorren dirua ondo pentsatutako alternatiba errealista idazteko.

Buscar