Xanti Begiristain Madotz, Auritz

Munduko ordena berria

Azken hamarkadetan ematen zuen, pixkanaka-pixkanaka, aurrerapen on batzuk lortzen ari zirela munduko ordena politikoan, nola edo hala, etorkizunean bakean bizi ahal izateko, bonba nuklearrei, bake hitzarmenei eta abarri dagokienez. Bazirudien, itxaropenari leiho eta ate txiki batzuk irekitzen ari zirela, nahiz eta oso astiro, nekez eta zailtasun handiz izan.

Gaur egun, ordea, mapa politikoan, Donald Trump, Benjamin Netanyahu, Javier Milei eta beren tankerako beste batzuk agertu direnetik, ematen du beraiek soilik gai eta gauza direla, munduko ordenako erabaki garrantzitsu asko hartzeko beren kabuz, inorekin hitz egin gabe, inori galdetu gabe, inoren baimenik eskatu gabe. Nonbait, pentsatu behar dute jainkozko dohaina dutela, eta, hala, ikusten ari gara, beraiek bakar-bakarrik deliberatzen dutela nor hil, nor bahitu, nori egin genozidioa, nori deklaratu gerra, muga zergak nori eta zenbatekoak jarri, zein lurraldez jabetu, zein estaturi egin komertzio blokeoa, zer tasa jarri armamenturako, nazioarteko zuzenbidea baztertzea, giza eskubide unibertsalak pikutara bidaltzea, gerra arau minimoak ez errespetatzea, goseteak sorraraztea eta abar, eta abar. Enperadorerik handienak bezala jokatzen ari dira, baina hauek demokraziaren ustezko makillaje goxoarekin, noski.

Bitartean, munduan, teorian behintzat askoz ere demokratikoagoak diren estatu eta erakunde asko eta asko, ikusten ari gara ez direla erreakzionatzen ari, beharko luketen abiaduran eta trebeziaz.

Hortaz, bada, mundu osoko pertsona, kolektibo, erakunde, alderdi politiko, estatuburuak eta abar, minimoki demokratikoak direnak/garenak ez badira/bagara azkar mugitzen norabide egokian, oso etorkizun beltza ikusten diot planeta honetako gizarte arruntari.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Buscar