Murrizketa berriak Itunpeko Irakaskuntzako langileei
Itunpeko irakaskuntzako langileak ez dira administraziopeko langileak. Patronal propioa daukate, eta horrek dauka ardura nagusia bere langileekiko. Argi dago lan baldintza gehienak langile eta patronalen artean negoziatu beharko direla, eta gaur egun Estatuko lan hitzarmena baino, askoz egokiagoa litzatekeela Nafarroako Lan Hitzarmen propioa beste erkidego batzuek edo Ikastolek duten bezala.
Baina itunpeko irakaskuntzak zerbitzu publikoa eskaintzen duen heinean, Administrazioak badauka zer esan. Hainbat legetan eta akordiotan biltzen da nolakoa izan behar den itundutako ikastetxeak, langileak eta Administrazioaren arteko harremana. Horregatik 2010 eta 2012an UPNk irakaskuntzako kalitatean eta langileen lan baldintzetan murrizketak ezarri zituenean, Itunpekoan ere eragina eduki zuen. Besteak beste, urte hauetako soldata izozteaz gain, Itunpeko Irakaskuntzako langileek soldatetan %9,2rainoko galera pairatu zuten administraziopeko langileek bezala.
Oraingo Gobernua murrizketak leheneratzera zetorren, baina Itunpeko langileen lan baldintzak gehiago okertzera doaz. Publikakoek ez bezala, 2016ko urtarrilean itunpeko langileek ez zuten berreskuratu soldatetan %1 Gobernuko lau alderdiek horretarako konpromisoa hartu eta Arartekoak hola eskatu arren. 2017ko urtarrilean gertatuko omen da, 2016koa galduta, ez irakasleez ahaztuta, etorkizuneko balizko beste berreskurapenak bermatu gabe eta lan baldintzak okertzearen truke. LABek ez du onartzen egoera hau.
Gobernuak diru gehiago ez inbertitzeko, saiatu zen patronalen poltsatik kentzen, baina jokaldia gaizki atera zitzaienez gero, orain langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea murriztuz lortu nahi du. Hau ez da langileria defendatzea! Administraziopeko langileei ez zitzaizkien lan baldintzak okertu soldata berreskuratzeko, eta hola izan behar da, baina itunpeko langileak berriz ere diskriminatuak dira. Gainera, Hezkuntza Departamentuaren jarrera lotsagarria izan da bileraz bilera bere hasierako proposamena okertzen langileen kalterako.
LABek ez du Itunpeko Irakaskuntza defendatzen, baina bai bere langileak eta beraien eskubideak patronal eta Nafar Gobernuaren aurrean. Kritikoak izan gara Hezkuntza Departamentuarekin, gure ustez honek bermatu behar duelako zerbitzu publiko bat asetzeko ematen den dirua gardentasunez erabiltzen dela, adibidez kontratazioei dagokionez. Baina Departamentuak beste aldera begiratu nahiago du eta bien bitartean, langileak eta ikasleak kaltetuta. Gobernu eta patronalen arteko sintonia ez da batere kaxkarra. Momentuz, Gobernu honekin, lehengoarekin bezala, Itunpeko Irakaskuntzako langileek okerrerako bidean jarraitzen dute. Ea aldaketa heltzen zaien ere!