Kattalin Ezkerra | Plazara Dantzara ekimenaren izenean

Mutil dantzetan izaten den genero bazterketari begirada bat

Aurten, azken urteetan bezala, Baztango jauziak egiten diren plaza guziak dantzariz bete dira.

Elizondoko herriak bestetako programan argi utzi zuen: «Elizondoko elizaren inguruan edo bertze edozein lekutan gertatzen den emakumeekiko bazterketa salatu nahi dugu eta (…) egiteari uztea eskatzen diegu». Baztandarren Biltzarrak ere bai: «Baztandarren Biltzarra elkarteak ez du mutil dantza baztertzailerik babestuko». Hala ere, gizon talde batek bizkar eman nahi izan dio Baztanen gero eta zabalagoa den eskaerari eta berriz ere mutil dantza baztertzaileak antolatu zituzten Elizondoko bestetan.

Bazterketarekin tematuak zirela ikusirik, horrekin akitzeko modu bakarra ekintza zuzena zela erabaki genuen: 26an arratseko 20.00etan 30 bat feminista bazterketa gauzatzeko erabiltzen duten elizako eremuetara hurbildu ginen dantzatzeko prest. Baztertzaile batzuek aunitz urtez bakarrik dantzatu zuten; bertze batzuek billantziko bakarrik; eta bakar batzuk saio osoan zehar gurekin dantzatu ziren. Pauso hori eman dutenek erraz dute herrietako plazak aniztasunez betetzeko.

Elizako jardinetan emakumeekin dantzan ibili ziren batzuk biharamunean plazan mutil dantza parekideetan parte hartu ordez, ikastolako parkera joan ziren dantzatzera. Zergatik? Tarte batean baztertzeari uzteko gai direla erakusten badute ere, beren jarrera matxistarekin segitzea erabaki dutelakoz.

Aukera dute honekin akitzeko. Aukera dute oraingo eta etorkizuneko Baztanen lehenbailehen laketzeko. Aukera dute behingoz herritar guziendako bestetako partaide izateko. Horretarako botere guneak partekatzeko prest ere egon beharko lukete, baina horixe da patriarkatuarekin bat egitearen ondorio bat: boterea emakumerik gabe gizonen esku mantendu nahi izatea.

Horregatik hamaikagarrenez gonbidatzen ditugu elizaren atean egin zutena herritarren babesarekin herrietako plazetan egiterat. Heldu den urtean nahi duten tokian elkartuko gara.

Buscar