Aitor Unanue Albizuri

Non dira plazetako zezen txikiak? Abeltzaintza ere jomugan dute

Ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako mugimenduen erabilera, nekazaritzaren suntsipenerako oso arrunta bihurtzen ari zaigu gure inguruan. Europako legebiltzarrean onartu berri den Naturaren errestauraziorako lege berria zentzu horretan emaniko urrats bat da, lurrik zapaltzen ez duten politikarien eskutik finean Europan tokian tokiko nekazaritza hankaz gora jartzera datorrena, lobby edo multinazional handien eta hauen jabe diren inbertsio funtsen mesedetan.

Gizartean zentzuzkoak diren sentipen ekologistaz baliatzen dira, komunikabide diru lagunduez, alderdi politiko guztiez eta talde ekologista handi eta salduez (Greenpeace, Ekologistak martxan eta abar...). Kontu handiz landuak dituzten plan estrategikoak gauzatzeko, helburuetan nazioarteko multinazional handien irabaziak besterik ez dituztelarik; elikadura menpekotasunean sakontzea, elikadura burujabetza deuseztea eta herriaren gaineko kontrola areagotuz euren boterea sendotzea.

Estrategia berdinez abeltzaintza ere jomugan dute. Abeltzaintza ere jarduera funtsezkoa izan baita tokian tokiko elikadura burujabetzarako, babeserako, jolaserako eta jaietarako ere. Etxean abere zaintzak jaten eman digu eta jaten eman diegu abereei, zaindu ditugu eta zaintzen gaituzte, jolasten dugu elkarrekin.

Zer zentzu du esne behiak kentzearen truke diru publikoa, gure dirua, emateak? Sagarrondoak ipurditik ateratzearen truke dirua emateak duen berbera. Eta horretan dihardute gaur alderdi politikoak Europa mendebaldean, eta Euskal Herria ez dago salbu. Inoiz abererik zaindu ez duten politikariak, goitik esaten dietena obeditu besterik egiten ez dutenak aurrera daramatzate ezkutuko agenda zehatzak. Zentzuzkoa den mugimendu animalista erabilia izaten ari da abeltzaintza suntsitzeko.

Euskal Herrian plazetan zezen txikiak debekatu izanak ezer gutxi du animalien babesarekin, agenda oso baten parte den ekintza zehatz bat da, gugandik oso urrun diren interesetarako. Entzierro txikien debekua bezala, asto karreren debekua eta abar luze bat.

Zentzuzko ekologismoa zentzurik gabeko posmoekologismoan bihurtuaz eta zentzuzko mugimendu animalista posmoanimalismoan.

2030 agendan hain panpoxo jasoak dituzten helburuak aurpegi zuriketarako besterik ez bai dira. Agenda hau ezarri nahi dutenek ez baitute erakusten benetan gauzatzen ari diren agenda ezkutua. Guztiak leku beretik datoz, multinazionalen menpe diren: Nazio Batuen Erakundea, Mundu Osasun Erakundea, Europar Parlamentua, Munduko Diru Funtsa eta abar.

Ez da harritzekoa jada hautestontzietara ur bedeinkatuaren ontzira baino jende gutxiago gerturatzea, eta pozgarria finean herritarren atentzioa, jarduna eta ilusioa beste nonbait dagoela ikustea, engainatuak gero eta gutxiago izango direla jakitea.

Buscar