Joxe Iriarte, Bikila

Olano jauna: errauskailua, inposaketa ala herri kontsulta?

Bilduk aldundia bere esku hartu eta handik gutxira  hitzaren inguruan gertatzen ari zenaz, hauxe idatzi nuen ‘Argia’ astekarian. «Duela gutxi arte, inposaketa hitza, ezker abertzalearen eta ezker muturrekoen hitz totemikoa genuen. Borrokarako akuilu. Arazoak arazo, gaiak gai, sistemak edo beren aldeko instituzioetatik inposatzen ziguten oro salatzeko erabiltzen genuen hitza. Alabaina (ez dakit noiz arte), nola aldatzen diren gauzak! Gipuzkoan inmobilisten ikur bihurtu da» Bitxia egiten zitzaida. «Agintearen makila eskuz aldatu delarik, hortik komeriak, eta herri galdaketaz entzun ere nahi ez zutenak, haserre bizian kontrako bidean aldarrika ikustea orain. Memoria interesatua baita. Nolabait, ahaztu egin dira AHTri buruzko herri galdeketak antolatzeagatik ezker abertzaleko zenbait alkate epaituak izan zirela PSOE agintean zegoelarik. Hots, inposaketa hitza, nork modu oso interesatuan erabiltzen du, beti bere ideologiaren arabera». Eta segitzen nuen. «Nik uste, mamiz eta formaz, ezkerrekook, demokrazia azken mugaraino bultzatu behar dugu. Inhabilitazioaren arriskuari aurre eginez AHTri buruzko galdeketak antolatu zuten alkate haiek bezala. Eta, edozein arrazoi delarik, herritar talde handi batek galdeketa antolatzea eskatzen badu, onartu ez ezik, gauzatzeko bidea abian jarri behar da… Ateratzen dena ateratzen dela, guztiek onartuko dutela aldez aurretik baieztatuz! Errauskailuarekin ez bezala (eraikita jai) Aldundiaren planak badu atzera bueltarik. Egungo oposizioak irabaziko balu bere esku legoke Hondakin Plan berria bertan behera uztea. Dena den, Katalunian 10 urtetan atzera bota duena (atez atekoa) udaletxe bakarra izan da».

Gipuzkoako atez-atearen aurkako alderdirik nagusiena izan dena, PNVk, agintea makila jada eskuen duela mehatxua bota du: errauskailua eraikiko dugu! Hots, Bilduren aurka erabilitako trikimailu guztiak, inposizioarenak barne, jada ez du zentzurik. AHTrekin egin duten bezala, arre eta so, atzera bueltarik ez duen errauskailua eraikiko du. Eta, esan bezla, hor dago diferentzi nabarmena, atez atekoak huts eginda, bazuen bueltarik. Errauskailua behin eraikita, ez!

EAJk utziko al digu gipuzkoarroi gure iritzia ematen, eta ateratzen denaren arabera jokatzen? Ez dut uste egingo duenik, ez berez eta gogoz, behintzat. Horregatik, Zero Zabor inguruan ibili direnak edo errauskailuaren aurkako plataformarenak, eta batez ere, bere garaian egitasmo horren aurka azaldu ziren sendagileei, mezu hau helarazi nahi diet. Berrio kalera! errauskailuren aurka, erreferenduma antolatu dezatela eskatuz. Eta aldundiak ez badu egiten, guk gure kabuz.

Buscar