Xabier Soto | Hitzen ingeniaria

Oreka

Tristea da dena ospatu behar hau, baina asko sufritu duenak gutxirekin hartzen du poza, eta herri honetako sufrimenduaren parte handi batekin amaitzeko hainbeste lan egin duen Arnaldo Otegi libre izatea gutxi ez denez, gizalegezkoa da berau aske izatean poza sentitu eta adieraztea. Komeni litzateke ordea Jon Maiak sortutako hunkidura Santi Leoneren ironia finarekin orekatzea.

Orekak ez du balio lurrean zaudenean, eta lurretik altxatzeko erori zarela konturatzea ez da nahikoa, batzutan inguruan dituzunen indarrak Bildu ere egin behar dituzu altxatu ahal izateko. Ebidenteegia agian, baina hauteskunde-porroten ondorengo autokritiken déjà vu etengabia bizi dugun herrian ez da soberan gogoratzea.

Eta erraza da mikrofono urdinetatik lasaitasun hitz arroxak jaurtikitzea, baina autokritika sakonak baliozkoak izango dira soilik aldaketa sakonetan islatzen badira. Abian da bidea, baina indarrak biltzearen laberintoan ez ote garen galduko amnistiaren norabidean.

Galderak aldatuz bakarrik lortuko dugu gakoa dateken erantzun putakumia, baina hemen galderak aurretik idatziak daude; eta guk Pedro Sánchez gustokoa dugun ala ez erabaki dezakegu, baina Erregina gustoko genuen ala ez ez zigun inork galdetu.

Lider bat behar dugula dio liderra izan nahi duenak, baina gure lider maitagarriak dio herria dela liderrik onena, norbaitek bera guztion liderra izateko prest dagoela mundu mailako egunkari lider bati filtratu ondoren; eta bitartean, Gaur Egungo liderrak neumatikoen enpresa lider bati egindako bisitan ahaztu egiten du lider sindikal bat bahituta jarraitzen duela aipatzea.

Buscar