Osakidetzako altxorra
Gure amak azken egunak Gasteizko Txagorritxun eman ditu. ZIUn, eta 6. solairuan ondoren. Batean zein bestean artatu gaituzuen profesional guztiei gure esker onik zintzoena helarazi nahi dizuegu; garbiketako langile, erizain laguntzaile, erizain eta medikuei. ZIUko Natiri zure ardura eta xalotasunagatik, Juani zure goxotasunagatik, 6. solairuko Eiderri izozkiagatik eta «Thyssen Baronesari» zure umore onarekin ama alaitzeagatik.
Zuen begirune, zaintza, ardura, txantxa eta maitasunak gure egonaldia arindu du. Inor gutxiesteko asmorik gabe, nola ahaztu bide honetan euskaraz hitz egin diguzuenak, zuen ahalegin txikienak ere etxe bihurtu du ospitaleko gela tristea. Musukoaren atzetik zuetariko bakoitzarengandik jaso ditugun begirada konplizeetan pertsonari errespetua eta duintasuna helarazi diguzue. Zuen enpatiarekin amaren arnasa bakoitza humanitatez jantzi duzue, «pertsona» hitzaren esanahia goitik behera jantziz. Amak hala sentitu zuen, baita guk ere. Guztien izenak ez ditugu gogoratzen, baina jakizue gure bihotzetan izango zaretela betiko.
Luzaroan Osakidetza izan da gure ongizate sistemaren altxorra. Hala goraipatu izan du euskal gizarteak. Zuek zarete Osakidetzako altxorra. Lan baldintza kaskarrak, txanda amaigabeak, prekaritatea eta baliabideen mugak albo batera utziz, zuen ekinaz handi bihurtzen duzuelako egunez egun osasun sistema publikoa.
Hemengo eta hango agintariei gure eskaerarik irmoena osasun sistema publiko eta unibertsala bermatzeko beharrezkoak diren baliabide materialez eta giza baliabidez hornitu dezaten. Hori ez da pribatizazioekin konpontzen, ezta langile sanitarioen soldatak azalaraziz zuritzen ere. Profesional talde ikaragarri honen premiak entzun itzazue.
Sagardui eta Urkullu, pandemiako txaloez haratago, ez dugu «ohitura aldaketez» mozorrotutako murrizketarik onartuko. Zaindu dezagun gure osasun sistema publikoaren benetako altxorra: Osakidetzako langileria. Zuen esku dago horretarako baliabideak jartzea.
Betirako eskertuak Maider eta Gaizka Larrañaga Leunda, Loli Leundaren seme-alabak.