Osasun sailburuak Gernika-Lumoko ospitalea bisitatu du
Osasun sailburua Gernikara etorri da, baina ez du Ospitalea bisitatu, Gernikan ez baitago ospitalerik. Gernikako eskualdeko 56.000 pertsonari arreta eskaintzen zaien eraikinean, lehen mailako zerbitzuak eta osasun-zentro batean eta larrialdi zerbitzu batean eskaini ohi diren zerbitzuak baino ez daude; hau da, ez dago ospitalerik.
Ospitalea 2012ko abenduaren 12an jarri zen martxan, eta bertan oheak eta edozein ospitalek behar dituen baliabideak egon arren, ez dira ireki. Horren ondorioz, eskualdeko biztanleek beste ospitale batzuetara joan behar izaten dute.
Datorren abenduan zazpigarren urteurrena ospatuko du eraikinak, baina momentuz osasun-arduradunek ez dute “Gernikako ospitalea” deitutakoan oherik zabaltzeko asmorik. Bada garaia guztiz beharrezkoak diren ohe horiek martxan jartzeko.
Egia da Gernika-Lumoko ospitaleari esker irisgarritasuna hobetu dela. Are gehiago, arretaren integrazioaren eredu bilakatu dela diote, baina gaur-gaurkoz ospitalea behar duten bertoko biztanleek beste leku batzuetara joan behar izaten dute.
Galdakao-Usansoloko ospitalera urtean egiten ziren 60.000 joan-etorri saihesteko balio izan duela diote, baina ez dute esan Galdakaon egindako zenbat ospitaleratze saihestu zitezkeen bertan oheak egon izan balira, gutxienez gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak edota zainketa aringarriak behar dituztenak artatzeko.
Etsigarria da, benetan, eraikina eta baliabideak izanik, eskualdeko herritarrei benetako ospitale bat izateko aukera ukatzea.