Juan Luis Mugertza Unanue

Oso ondo, baina...

Lehengoan, emakumeek, beste behin ere, aho zabalik utzi gintuzten, eta oso irudi ederrak eskaini zizkiguten. Halarik ere, tartean, ene ustez, lausotutako argazkiak ere (euskararen erabilera hutsa, bereziki, ikasle askoren artean, bai ahoan, bai aldarrikapen mezuetan) ikusi genituen, eta «selfie»-ak egiteko joera handia, eta ez dakit, bada, talde-lanaren zentzuak (iraultza feminista izango da, edo ez da izango) ez ote duen masa handi horren barruan askoren politikarekiko formazio eza dela eta, indarra galduko. Izan ere, egun bakar bateko betekada jai giroan ospatzeko joerak segidarik ez badu, ezer gutxi lagunduko du bestelako mundua bultzatzen, eta hori oso ondo dakite feminismoa, greba… bezalako hitz gozoak horrelako egunerako propio erabiltzen dituzten komunikabideek, zeren eta greba osteko egunean "Deia"-k, "El Correo Español"-ek…, oso nabarmen erakutsi baitziguten nork egin zuen planto eta nork ez. Beraz, oso ondo, bai, baina kontuz! Laster hauteskundeak izango dira, eta orduan ikusiko dugu gurean zein estatu espainolean errebindikazio indartsu horien botoak zer nolako norabidea hartuko duen. Bitartean, lanean eta borrokan, geure burua jazteko, erdipurdiko gizarte erdalduna bultzatu nahi dutelako. Eta musu handi bana emakume borrokalari guztiei zoriontsuagoak izateko.

Buscar