Otsailaren 15erako hezkuntza greba deialdiaren aurrean
Bizi garen gizartean, ikasleek gero eta premia gehiago dituzte, eta, ondorioz, gure lana gero eta zailagoa bilakatzen ari da. Hori gutxi balitz, gure lan-baldintzak hobetu beharrean okertu egin dira. Horretan oinarritzen da gure hausnarketa, osasuna gure lanean galtzen ari baikara.
Hezkuntza kalitateaz ari garela, ezin ahaztu inklusibitatea eta aniztasuna. Gaur egungo ratioekin ezinezkoa da ikasleek merezi duten denbora eskaintzea, are gutxiago behar berezi eta anitzak dituzten pertsonak modu duin batean artatzea. Hau ez dator bat hezkuntza lege berriak aniztasunari ematen dion garrantziarekin. Beharrezkoa ikusten dugu ordu, langile eta baliabide gehiago aldarrikatzea, zainketak behar baititugu zaindu ahal izateko.
Irakaskuntzako prestakuntza-planari dagokionez, duela zenbait urtetik hona, Hezkuntza Sailak nahitaez egin beharreko ikastaro batzuk zehazten ditu. Horren ondorioz, prestakuntza burokratizatuegia izaten da askotan, eta ez da gure jardunera egokitzen. Horrek motibazioa galtzea eragiten du, lan-karga handiegia delako eta gure beharretara egokitzen ez delako. Motibazio falta horrek eragina du ikasleengan.
Horri gehitu behar zaizkio lan burokratikoak, PAG, autoebaluazioa eta programazio luzeak berregiteko beharra. Horrek guztiak gure lana planifikatzeko, prestatzeko eta aurrera eramateko ditugun denborak baldintzatzen ditu, eta eragin zuzena du irakasleon lanean.
Honi guztiari aurre egiteko, eta Hezkuntza Departamentuak gure desadostasuna uler dezan, uste dugu garrantzitsua dela erantzun bateratu bat ematea. Beraz, hauxe eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari:
· Ratioen jaitsiera DBHn 18ko ikastaldeak eta Batxilergoan 22koak izatea, herrialde eskandinabiarrak eredu hartuta.
· Tutoretza-orduak gehitzea, ikasleen eta familien beharrei erantzuteko.
· Orientazioko orduak gehitzea, ikasleen eta irakasleen behar emozionalei laguntza eskaintzeko.
· Lan burokratikoaren beharra ulertuta, honen dosifikazioa eskatzen dugu. Momentuan momentuko beharren arabera eta aintzat hartuta gure lanaren erdigunea zuzeneko irakaskuntza dela.
· Formakuntza instituzionala 12 ordukoa eta gainontzeko 23 orduak (35 osatu arte) hautu pertsonalekoak izatea, gure behar profesionaletara egokituz.