Xanti Begiristain Madotz | Auritz

PP alderdi burutsua

Denok dakigu Espainiako PP izeneko alderdi politikoko buruzagiak zeinen burutsu, adimentsu, buruargi eta azkarrak diren. Hori ez dugu inola ere zalantzan jartzen. Horrexegatik, niri oso harrigarria suertatzen ari zait ikustea nola sartzen ari diren hanka iztarteraino Altsasuko kasuan, beren Guardia Zibil, Polizia Nazional eta kristo guztiarekin, alegia, terrorismo talderik ez dagoen lekuan terroristak ikusten dituzte, ordu txikietako taberna bateko liskar bat terrorismo ekintza batekin nahasten dute, inplikatutako gazteak epaitu baino lehen dagoeneko zigortu dituzte (non ote dago beraien errugabetasun-presuntzioa?) eta orain, diotenez, “Altsasukoak aske!” esatea edota idaztea legez kanpokoa omen da, eta inortxok ere ez genuen horren berri arrastorik ere. Halaber, Espainiako polizia indarrak Euskal Herritik eraman ditzaten eskatzea ere orain egundoko lege-haustea omen da; guztiz ulertezina, dakigunean, konparaziora, Euskal Autonomia Erkidegoko bere Autonomia Estatutuan erabat legezkoa dela.

Bai, hasieran esan dudan bezalaxe, denok dakigu PPko buruzagi batzuk oso zentzudunak direla, baina, azken bolada honetan ez dakit zer txoro-haizek edota zein deabruzko intsektuk ziztatu dituzten, halako zentzugabekeriak, aldrebeskeriak eta ankerkeriak egiteko.

Antza denez, hain zuzenak eta santuak diren PPko buruzagi horiek ez dira konturatzen gorrotoa zabaltzen ari direla, eta, berebat, basakeriak eta gaiztakeriak egiten ari direla zuzentasunaren izenean, batzuk beste batzuen atzetik, eten gabe, ohartu gabe, konturatu gabe, eta, noski, nahi gabe.

Argi dago, PPko buruzagi batzuk aingerutxo hutsak dira!

Buscar