Asier Ezpeleta Jauregi | Orreagako kidea

Putxerazoa: Inperalismoaren beste taktika bat

Guztiz asaldaturik gabiltza espainolek gure herriaren errolda artifizialki aldatu nahi dutelako, tranpa edo putxerazo demografiko bat gauzatuz. Baina kontuan hartu, Espainia estatu inperialista bat den heinean eta biolentziaren monopolioa duen heinean, beste “tranpatxo” batzuen artean (medioen monopolioa, torturak, erailketak…), demografia beraien mesedetan aldatzearen “trikimailu” hau ez dela berria gure herrian (subiranotasuna indarrez kendu zigutenetik etengabe erabili dute). Euskal Herrian herri desberdinen elkarbizitza dago, baina ez kondizio berdinetan: batzuk zapaltzaileak dira eta besteak zapalduak. Ezin da zapaltzaile eta zapaldua, biak izan. Ezin da espainol eta gure herri zapalduko herritar, biak izan. Ezinezkoa da. Oraingo “trikimailu” hau, balantza demografikoa zapaltzaileen aldera eramateko beste saiakera bat besterik ez da.

Hau guzti hau, Espainiako Estatuaren osotasuna mantentzeko estrategiaren taktika da, bide batez, gure Herria independentziara eramango duen autodeterminazio eskubidea indarrez zapalduz. Espainia, argi gera bedi, estatu inperialista bat da, demokrazia zer den jakin ere ez dakiena. Ez dago demokraziarik herri batek beste bat zapaltzen duen estatu batean, ezin da “marko demokratiko” bat sortu. Demokrazia gure Herriaren askatasunarekin hasiko da, bien bitartean ez; nahiz eta astero hauteskundeak konbokatu (beraiek sorturiko instituzioetarako, beraiek nahi dutenean, nahi duten lekuan, eta, ikusten ari garenez, beraiek nahi dutenen parte hartzearekin).

Gaur Herri honetan dauden instituzioak eta hauteskundeak, espainiar estatuak “eman” dizkigun tresnak dira, gaur egungo egoera bere horretan mantentzeko, eta ez dira inoiz sortu dituenaren boterearen kontra erabiliko. Ez da posible.  Botere hori da jokatzen ari garen jokoaren jabe. Arauak beraiek jartzen dituzte eta nahi dutenean aldatzen edo hausten dituzte, biolentziaren monopolioak ematen dien boterearen lotsagabekeria eta prepotentziarekin.

Burua gogorra daukagu (oraindik hemen gaude), baina ez da hautsezina. Pareta berberaren kontra etengabe joz, puskatzeko arriskua gero eta handiagoa da.

Agian, geure buruan, “txip” aldaketa bat beharko genuke: instituzioak behar ditugun neurrian erabili baina ez independentzia lortzeko bide nagusi bezala. Bide horrek gaur egungo instituzioetatik kanpo behar du. Herriaren indarra gure instituzio edo tresna propio eta independenteak sortzeko helburuarekin bideratu behar da. Gure jokoa sortu behar dugu, gure arauekin jokatu. Helburua independentzia baita.

Buscar