Sala ezazu!
‘Indarkeria matxista sala ezazu’ zioen biktimak aurreko astean ikusitako telebistako iragarkiak. Ez zitzaion ideia txarra iruditu, izan ere, bi urte luze pasa dira lehen erasoa jaso zuenetik eta ordutik egoera ez da gehiegi aldatu.
Larunbata, goizeko 10:00ak, biktima Barakaldoko epaitegian dago, bista azkarra eskaini diote, esperantza du justiziarengan. Aste honetan bi eraso jasan eta salatu ditu, bat astelehenean eta bestea atzo, lau ordu guztira komisaldegian eta beste bi igaro beharko ditu epaitegian.
Atzoko salaketarekin batera urruntze agindua ere eskatu zuen, nekatuta dago, bere bizitza bizi nahi du, libre izan nahi du, bat-batean abaildura sentitu du.
Deklaratzera deitu dute, pasiloan bere erasotzailearekin gurutzatu da, beldurra, urduritasuna. Orduan, otu zaio ez litzatekeela zaila izan beharko saihestea biktima eta erasotzailea epaitegian elkar ikustea, hala ere, aurrera egin du, beti aurrera. Deklaratu egin du.
Epaileak utzi diona bai, behintzat. Epaileak asteleheneko eraso eta mehatxuei buruz ez du ezer entzun nahi izan, harro eta mespretxuz esan dio bista horretan azkenengo mehatxuak besterik ezin omen daitezkela aipa. Biktimak amorrua kontrolatu eta isildu egin da, beti men? Epaitegiko gela hotzean ebazpenaren zain dago.
Azkenik heldu da, ezeztatu egin diote urruntze agindua. Indargabeturik bere abokatuaren hitzak entzun ditu, gutxi gorabehera sei hilabete barru egingo den epaiketan salaketa guztiak batu eta urrutze agindua eskatu ahal izango du berriz. Biktima etsita dago, bakarrik sentitu da, ez al dio inork lagundu behar? Justizia injustoa eta motela baldin bada, zergatik esaten diogu justizia? Haserrea, nekea, goibeltasuna, baina libre izateko esperatza ere bai... Sala ezazu! Hurrengoan beharbada bai. Biktima baten ahizpa.