Sasi-demokratak!
Sentimenduak, barreak, negarrak, pertsonak; balorea eman eta merkaturatu daitezkeen produktuak hain zuzen. Egungo gizarte bihotz gabean, pertsona lehiakor eta boteregoseak goratzeaz batera ahulak eta arrakasta gabeak mesprezatzen irakasten digute oraindik ere.
Horrela bada, gorrotoa eta ezintasuna alderantzizko norabidera zuzentzen ohitu da herritar asko, eskale, langabetu, ekintzaile solidario, emakume, edota munduko herrialde txiro eta gatazkatsuetatik ihesi datozen gizakien aurka, neoliberalismoak identitate-krisi sakon batean murgildu baititu.
Boteredunek, aldiz, egoera tamalgarriok herritarrengan sortzen duten gorrotoa eta nahigabea babeskabeen aurka zuzentzen jarraitzea dute helburu nagusi. Ondorioz, gizarte maila ezberdinek gorpuztutako egitura piramidala iraunaraztea ahalbidetzen da. Beraz, astintzeko bandera arrotzak banatuz herritarrok gogoa nora bideratu behar dugun irakasten dihardute, aukeraketa aske hori gure beste eskubideetako bat dela aldarrikatu beharrean, eta aldi berean eginkizun hori beraiei bakarrik otu zaiela sinestaraziz.
Enrique Maiak, Yolanda Barcinak edota Euskal Herriko hainbat jauntxo eta sasi-demokratak goxo nabigatzen dute zeru urdinean, irudikatzen dituzten herrialde-mugak beraien jet pribatuek kanporatutako ke txuriarekin errepasatzen dituztela, eta bost axola zaie futbol talde, arraza, edota nazioek. Izan ere ondo baitakite horrelako ilusioek beraien esanak betearaztera bideratzen dituela gizaki asko. Aritz Soloeta Garmendia Otxandio