Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio

Tolerantzia errepresiboa bere eginez

Zintzoa izango naiz, erabat muturtuta nago. Egun, hedabide publikoetako kazetari eta politikariak talde berean jokatzen dutela ikusteak amorrua sortzen dit. Izan ere, sinbiosian bizi dira elkarren artean. Herritarrak ordea, politikariak desafiatzeko gai diren kazetariak behar ditugu. Kemena erakutsiz, hauen adierazpenak ezbaian jarriko dituzten kazetari arduratsuak hain zuzen.

Eusko Alderdi Jeltzaleari hurbilago begiratzen badiogu, herri mugimendu bat izateaz gain, espainiar Estatuan jaioberri den demokrazia gaztea itotzeko prest dagoen alderdia ere badela ondorioztatu dezakegu. Izan ere, 1930. hamarkadan Italiako eta Alemaniako edota egun europako hainbat herrialdetara hedatuz dihoazen mugimendu faxisten erara, egungo EAJ ere, bi gizatalde ezberdinez osaturiko konposizio bat da. Batetik, langile, burges eta enpresa txikien ugazabez osatutakoa, bestetik, kapitalaz, industria potoloen jabez, hain zuzen. Bestalde, gizarte-maila zehatz bati zuzendu arren, aldi oro beste bat ordezkatzen du. Berezitasun hau, burges txikien hizkuntza erabili eta herritar xumeak ordezkatzen dituztela adierazi baina betiere enpresarien alde egiten dituzten mugimenduena beraz, aspaldiko kontua da.

Horrez gain, faxismoak egin bezala, Eusko Alderdi Jeltzalea egoera politiko guztietara egokitzeko gai da. Horrela, adibide bat aipatzearren, nahiz eta oraindik ere, Ertzaintza bere polizia pribatutzat erabiltzearen ondorioz maizegi gudazale eta bortitz agertu, hala nola mugimendu faxistek talde adimengabeez baliatuz egiten duten bezalaze, betiere itxura demokratiko bat erakusteko gai da.

Hitzarmenak sinatzeko erakutsitako gaitasunaz harro azaltzen den EAJ, politika, alderdien oinarriei jarraituz bideratutako elkarrizketek emandako lorpenetan oinarrituta dagoela entzutera ohituta gaude. Bitartean baina, alderdi popularrak indarrean mantentzen duen tolerantzia errepresiboa bere eginez, Euskal Herria museo objetu bilakatzeko lanean dihardu.

Buscar