Marta Molinero

Tristuraren apologia

Alaitasunaren apologiaren garaiotan
Perfekzioa
Irribarreak (kosta ahala kosta)
Positibismoa
Itxurakeria
Plan perfektuak
Pandemiari alde ona atera diezaiogun, mesedez
«Ikas dezagun begiekin hitz egiten, irri egiten...»
Tristuraren apologia egitera nator.

Pandemia baten erdian gaudela aitzakitzat hartuko dut, urteko edozein egunetarako, edozein urterako baliogarria zaigun arren. Ez dut tristura pertsona orotan instauratu nahi, injektatu, mundu grixa eta goibela bihurtu, Grincha banintz; ez.

Oso nazkatua nago momentu oro mezu positiboegiak ikustearekin, pandemia erromantizatzen ari dira, sareetan erromantizatzen ari garela iruditzen zait.

Zenbait sare sozialetan irriak-alaitasuna-plan perfektuak-irudi perfektuak-mezu erromantizistak egon daitezke soilik, besteak ez dira ongi etorriak. Mr Wonderfulek poseitutako gorputzak daude pantailaren bestaldean, haien bizi perfektua imaginatzen, saltzen; ez badute ere.

Eta, mundu horretan, non geratzen da tristura? Zer leku dute malkoek?

Bizitzeko motorea dira, tristurarik gabe, melankoliarik gabe, negarrik gabe, ez ginateke deus.

Nik, ordea, haustea maite dut, apurtzen naizenean, pena nire barrenean sartzen denean. Negar malkoek ikusten uzten ez didatenean, masailetatik behera irrist egin eta kokotxan paratzen direnean. Bakeak egin nituen nire malkoekin, nire penarekin, tristurarekin, finean. Eta, eskerrak eman behar dizkiot, salbatzera etorri baitzen.

Tristuraren apologia egitera nator, beraz, alaitasuna eta irribarre konstantea inposatzen duten honetan, kosta ahala kosta.

Egunotan, mundua hauskorra den garaiotan, lekua egin diezaiogun gure tristurari, salbatzeko etorri da, ez besterik.

(Argi gera dadila, hala ere, ez naizela irrien kontrakoa, zoriontasun-zalea naiz, irriek maitemintzen naute, baina bata bestea gabe ezin da izan).

Buscar