Urte askotarako berbalagun, solaskide, mintzakide eta mintzalagunak!
Badira urte asko euskara sustatzea eta normalizatzea helburu duten egitasmo hauek guztiak jaio zirela eta uzta oparoa jasotzen ari gara egunero milaka pertsonak parte hartzen dutelako. Praktika jarduera hauen bidez euskara kaleratu nahi dugu, txoko guztietara heltzea nahi dugu; parkeetara, tabernetara, lantokietara… Proiektu hauen bidez euskaldunok elkar ezagutzeko aukera dugu gure esparru linguistikoa normalizatuz.
Ezkerraldean, Sestao izan zen aitzindaria eta ondoren Santurtzi, Barakaldo eta Portugalete. Gaur egun ezkerraldean 500 berbalagun baino gehiago daude eta kopurua urtez urte handituz doa. Berbalagun proiektuaren atzean tokian tokiko elkarte asko daude, AEK eta Topaguneaz gain, lan egiten dutenak: Mamarigako Kultur Etxea, Bai Esan euskara elkartea, EHE, Barakaldoko Sasiburu elkartea, La Kelo gaztetxea, Kilika bertso eskola, Portugaleteko Alde Zaharreko auzo elkartea nahiz beste hainbat auzo elkarte… eta, noski, gure berbalagun maiteak, honen motorea; hauei guztiei mila esker egiten duzuen lanagatik eta urte askotarako.
Egitasmo anitz hauetan guztietan mota askotako berbalagun, mintzakide, mintzalagun eta solaskide daude, adin talde guztietakoak, guztiak euskara direlako. Hiztunak behar ditugu; beraz, denak ongi etorriak izaten dira. Kide batek behin esan zuen bezala, euskara guztiak beharrezkoak dira
Euskaraz berba egiteko geratzeaz gain, euskararen agenda sortzen dugu non antolatzen diren euskarazko ekitaldi guztiak argitaratzen diren, hala nola, irteerak, tailerrak, hitzaldiak, lehiaketak, poteoak, bazkariak… Eta agenda honetan herriko elkarteek badute zer esan eta zer egin guztientzako lekua baita. Agenda honen bidez euskaldun zaharrei, euskaldun berriei, euskara ikasten ari diren guzti-guztiei, euskaltzaleei euskaraz bizitzeko eta euskal kultura ezagutzeko aukera eman nahi diegu; hau da, hain zuzen ere, agendaren helburua.
Berbalagun. Mintzalagun… egitasmoak adar pilo bat dauzka, adibidez, Gurasolagun; transmisioari begirako proiektua gure etorkizuna umeak direlako. Euskararen etorkizuna bermatuko badugu, gure txikitxuekin euskaraz berba egiteko ohitura sustatu behar dugu.
Egitasmo honek etenik ez duenez, ezkerraldeko berbalagunei udan ere jarraitzeko aukera eman nahi diegu. Horretarako, udan aritzeko taldeak sortuko ditugu, eta nornahik parte hartu dezake. Parte hartzeko tokian tokiko elkarteekin harremanetan jarri ahal zarete edo zuen herriko AEKra joan eta bertan galdetu.
Gora ezkerraldea euskalduna! Gora Euskal Herria euskalduna!