Idoia Ibero

Urtebete, eta zergatik ez gutxiago? Zergatik ez orain?

Atzo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko uda ikastaro baten irekieran Eusko Jaurlaritzako lehendakariak espetxe politikaren eskumena Jaurlaritzari ematea eta presoak etxetik gertuen duten kartzelara urtebetean lekualdatzea eskatu zuen. Tira, poztu ninduen hori entzuteak. Hala ere, ekarpen batzuk egin nahi nizkioke Lehendakariari, ez baitut inon topatu gaixo dauden ezta legedi europearraren arabera kalean egon beharko luketen 17 euskal herritar presoen aipamenik.

Datuak osatze aldera, 17 herritar horietatik, 2 baino ez daude EAEko espetxeetan, biak gaixorik. Beste 15ak dispertsaturik dituzte. 17 horientzat ere urtebete eskatzen du Lehendakariak? Edota zer plangintza du herritar horiekin? Gaixo dauden presoekin egiten ari direna hain da krudela, eta hain mingarria aipatu ere ez egitea. Eta kondena beteta eduki, baina legedi europearrari muzin eginez, kartzelan dituztenez, berdin.

Informazio gehiago emate aldera, denak ez dira EAEkoak, hiru dira Nafarroa Garaikoak. Bi dira arabarrak, zortzi gipuzkoarrak eta lau bizkaitar. Eta berriro esango dut, horietatik 2 baino ez daude beren bizilekutik gertuen dagoen kartzelan, eta gainera gaixorik. Beste 15ak, dispertsaturik.

Buscar