Zaparrada artean, presoak
Zigorra ari du. Zaparrada bat. Azken asteetan Parisen epaitu dituzten militanteen buruen gainean; urte hasieratik Parot doktrina jarri dieten hiru presoen buruen gainean; joan den asteburuan Jaenetik etxera itzultzean auto istripua ukan duten senideen buruen gainean. Senide guzien buru gainean. Euskal Herrian. Martxoa da eta bada besterik zeruan. Mezulariak omen dira ainarak. Astelehenean, mundo osoko hamabi adituren ahotsak entzun dira. Estatu frantziarra eta espainiarrari presoen gaian pausoak ematera deitu zituzten. Gai hori gatazkaren konponbiderako bidean kokatu zuten. Giza eskubideen alorrean ezagupen sendoa duten jurista, parlamentari eta apez horiek jadanik frango luzea den sustengu zerrenda bati erantsi dira.
Zeru hertzetik ezin kenduzkoa da frankismoaz geroztik ezagutu den kartzela politikarik gogorrena bizi dela Euskal Herrian. Izan ere, bai frantses Estatuan bai eta espainiar Estatuan ere kartzela zigorrak gero eta luzeagoak aplikatzen dituzte. Bi estatuetan bete behar dituztenentzat zigor amaigabeak.
Joan den astean, martxoaren 20an, Estrasburgoko giza eskubideen gorteak Ines del Rio-ren kasua aztertu zuen. Horren gibelean Parot doktrina edo 197/2006 doktrinaren auzia dago. Gai arantzatsua da 197/2006 doktrinarena, ate hori idekiz gero, besteekin beste horrenbeste egin behar lukeela argi baitu espainiar estatuak. Orotara, 71 preso ukitzen ditu lege horrek. Ines del Rioren etorkizunaz gain, auzi honek, beraz, preso horien guzien etorkizunaren gainean du eragina eta gibeletik heldu diren beste askorengan. Hogei eta lau urte kartzelan pasa duten hiru lapurtar daude, besteak beste, ilera luze horretan.
Erronka juridikoak daude horren gibelean, legearen inguruko erronkak eta, ororen gainetik, erronka politikoak. Tartean, noski, pertsona askoren bizia. Korapil horiek guziak askatzea izanen da euskal gatazkaren eragileen betebeharra.
Datarik gabeko kondenen gaia aipatzeko elkartuko ditu Herrirak, ostegun hontan (arratseko 7etan), Maritxu Paulus Basurco abokatua, Jean-Pierre Massias Unibertsitateko Zuzenbide erakaslea, bake prozesuetan aditua, eta Filipe Bidart kartzela frantsesetan 19 urte iragan dituen preso ohia, Baionako IUTan. Zaparrada artean gaia ulertzeko giltzak eskainiko dituzte. Han egonen diren entzuleek giltzak horiek hartzea eta hedatzea besterik ez dute izanen, pixkanaka, kartzelako ateak idekitzeko.