Idoia Arrillaga Agirre, Mutriku

Ze nezesidade?

Bagatoz berriro matrakan XX. mendearen bukaerako Mutrikuko proiektu batekin. Urteak dira hondartzaren morfologia aldatu zela, dikea eraiki eta oraindik inpaktu anbientalik gabeko maremotrizaren ondoren arrantza portua kirol portu bilakatu dela. Eta gaur da eguna proiektu hori, 2001ekoa, eta 2003ko “Portuaren handitze proiektua” osotasunean onartuta dagoela Mutrikuko Udaleko plenoetan behin eta berriz, hau da, bere osotasunean  indarrean dagoena. Baina aldaketak datozkigu...

Oraingoko dikearen luzapenak berriro kolokan jartzen ditu ahoz aho darabilzkigun energia larrialdia eta aldaketa klimatikoa... Mutrikurako aisialdirako arnasgune garrantzitsu bat zertan geldituko da dikea bere osotasunean bukatzean? Geoparke     eta flysch izendapena hurrengo hamar urteetarako baliagarria bada, posible da berriro obra erraldoiarekin jarraitzea Geoparkeko eremu babestu honetan?

Europako Next Generation izeneko dirulaguntzekin ordainduko da dikearen luzapena. Beste udal batzuek diru horietariko batzuk gazteentzako lanpostuetarako bideratu dituztenean, zilegi al da berriro porlanerako dirutza handi bat erabiltzea? Eusko Jaurlaritzaren kontraesanak itzelak dira, berdintsu gertatzen da Mutrikuko EH Bildu eta EAJrekin adierazten dutenean dikea luzatzeko eta gero-gerokoak, ikusiko dela zer erabilera ematen zaion. Baina, zertarako? Ze nezesidade? Gutako edozeinek, adibidez etxean obraren bat egiten dugunean, argi daukagu zein den obraren helburua, zertarako hasiko garen obretan. Hemen ez, auskalo!

Horregatik dikea ez luzatzea berme bakarra bezala ikusten dugu igerileku naturala, Danbor inguru guztiak itsasoz zein lehorrean -bai Mollaberrirantz eta baita Dikerantz- ezagutzen ditugun bezala jarraitzeko. Erabakitze eskubidea gure esku dago!

Buscar