Ahaztu behar ez genukeen iragan hurbila
Errefuxiatuen afera ez zaigu arrotza egiten Euskal Herrian, nahiz eta azkenaldian gerratik ihesean babes eske Europarantz datozen milaka pertsonen aurrean nagusitu den jarrera ankerrak agerian uzten duen memoriak sarritan huts egiten duela. Alabaina, denboran atzera eginda Historiari errepaso bat eginez gero, Euskal Herrian antzeko egoera jasan behar izan zuten milaka eta milaka herritar egon zirela egiaztatu daiteke. Euskal Memoria Fundazioak egindako lan mardul batetik abiatuz gaur orrialde hauetan jasotzen den datu bilketa errealitate horren adierazle bat gehiago da. 1936an gerra hasi zenetik 2015era bitarte ihesean joan behar izan zuten milaka euskal herritarren testigantza krudela; gerra, miseria, tortura, bahiketak eta heriotza tarteko.
Lan monografiko horrek jasotzen duenez, gerra hark iraun zuen bitartean izan ziren errefuxiatu zifrarik handienak. Adierazle gisa, Jose Antonio Agirre lehendakariaren Gobernuak eman zituen datuen arabera 150.000 inguru izan ziren garai horretan Estatu frantsesera ihes egindako euskal herritarrak. Ez hara bakarrik, baita Europa eta Amerikako beste herrialde batzuetara ere. Frankismoarekin eta Bigarren Mundu Gerraren eztandarekin jarraitu zuen fenomenoak eta datu zehatzen faltan jakina da milaka izan zirela diktaduratik eta gudatik ihesean alde egindakoak. Baina Franco hil ostean ere, polizi eta epaileen jazarpenetik ihes egiteari ekin behar izan dioten ehunka euskal hiritar egon da, 37 estatu ezberdinetan sakabanaturik, gehienak oso bizi-baldintza eskasetan. Eta horietako batzuk oraindik han segitzen dute, etxetik urrun, larri.
Gaur egun, aktualitateak erakusten digu errefuxiatu politikoen auzia ez dela iraganeko kontua, ez eta hemengo arazo partikularra ere. Milaka euskal herritarrek sufritu duten egoera ez litzaiguke arrotz egin behar, bada, Europan tamainako giza-eskubide urraketak gertatzen ari diren honetan. Aurreko mendean hain gertuko izan genuen fenomeno horren aurrean ateak isten dira oraindik ere. Memoria berreskuratu eta gizalegez jokatzea dagokigu.