Arduragabekeria nagusi, Bilboko udalean
Kai Nakai, Olatz Salvador eta Maren musikariek Abandoibarrean eman behar zuten kontzertua bertan behera geratu zen joan den larunbatean. Bilboko Aste Nagusia jaietako lehen kontzerturik gabe utzi zuen arrazoia behar bezalako eszenatokirik ez egotea izan zen. Horrelako gertakizun bat arrazoi askorengatik eta edonon gerta daiteke. Ez du ezer apartekorik.
Kasu honetan ezohikoa Bilboko Udalak kontzertua bertan behera uzteko egin duen kudeaketa izan da. Informazio ofizialik ez dagoenez, artistek beraiek kontatu dute gertatutakoa. Udala, barkamena eskatu eta gertatutakoaren berri eman beharrean, hasiera-hasieratik saiatu zen bere erantzukizuna saihesten, eta horrek burugabekerien kateatze bat ekarri zuen. Lehenik, ez zien gertatutakoari buruzko azalpenik eman abeslariei; ondoren, artistek kontzertua bertan behera utz zezaten saiatu zen; gero, gertatutakoa azalduz musikariek atera zuten komunikatua baldintzatzen saiatu ziren, Udala aipatuz gero, etorkizuneko programazioetan ez zituztela sartuko iradokiz. Hurrengo egunean Juan Mari Aburto saiatu zen abeslariekin izandako ika-mika saihesten, eta arazo teknikoak izan zirela baino ez zuen adierazi, antza denez, muntaketaz arduratzen den enpresan lan arazoak izan zirenean. Azkenik, ia igande osoan Udalaren webgunean aurrez idatzitako kontzertuaren kronika argitaratuta egon zen. Ez da ahaztu behar Udalak uztailean egin zuen kontzertuaren iragarpena osatu gabe zegoela, eta Udalak ez zuela zuzendu harik eta artistek beren sare sozialetan argitaratu zuten arte.
Gertatutakoak agerian uzten du kudeaketa arazo larria dagoela Bilboko Udalean. Kasu honetan aurreikuspen eta gainbegiratze falta egon da. Are okerragoa izan da, erantzukizunak saihesteko ahaleginean, ez dela komunikazio egokirik egon, ezta abeslariekin enpatiarik ere, are gutxiago jendearekin. Musikarien presioek eta komunikazio akatsek erakunde baten funtzionamendu desegokia erakusten dute. Eta hondamen horren azken erantzulea Juan Mari Aburto da. Azalpenak eman aurretik, barkamena eskatzen hasi behar luke.