Armamentutik harago, Israel isolatzea da bidea

Espainiako Gobernuak bertan behera utzi zuen atzo Guardia Zibila armatzeko Israelgo enpresa baten munizio-kargamentu baten erosketa, Sumar-eko koaliziokideek kontuak eskatu eta gero. Albiste ona da, bere horretan, baina aintzat hartuta 2024ko urrian Defentsa Ministerioak iragarri zuela material militar israeldarraren erosketak etengo zituela, ez luke albiste izan behar. Alegia, Gobernu espainolak kontratua eten behar izan badu, aurretik emandako hitza bete ez duelako izan da.

Anbibalentziak arriskutsuak dira kasu hauetan, konfiantza galera eragin dezaketelako. Centre Delas erakundearen arabera, 2023ko urritik, Espainiak Israelgo enpresen armamentua erosteko 40 kontratu esleitu edo formalizatu ditu. Horietatik 20 azken sei hilabeteetan jarri dira martxan. Erosketa horien  balioa 1.041 milioi eurokoa da. Atzo bertan behera utzi zen enkargua, esate baterako, atzera botatzeko tramiteetan zegoela esan zuen Barne Ministerioak urrian. Sei hilabete beranduago, ordea, aurreko astean azken tramiteari argi berdea eman zion. «Kausa palestinarrarekin eta bakearekin konpromiso argia» dutela eta «2023ko urriaren 7tik Espainiak enpresa israeldarrei armamenturik ez diela ez saltzen, ez erosten» azpimarratu zuten atzo Moncloako bi alderdiek. Kontratazio publikoko plataformak eta buletin ofizialak ez dute, ordea, baieztapen hori beti sostengatzen.

Europako estatu gehienekin alderatuta, orokorrean Gobernu espainolak Gazako sarraskiaren aurrean izan duen jarrera ez da tamalgarria izan –Sahararen auzian ez bezala, esaterako–. Horren adibide dira Estatu palestinarra aitortu duela eta Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian Israelen aurka irekitako bideari babesa eman diola. Ez da nahikoa izan, bistan da, eta armen salerosketak erakusten du erne jarraitu behar dela konpromisoak betetzen diren. Oraingoan horrela izan bada, alderdi independentistek eta ezkerreko indarrek Moncloan duten eraginarengatik izan da. Atzera egin ordez, konpromisoak indartzeko, eta armamentutik harago, Israel isolatzeko garaia da; Hegoafrikan ikasi bezala, kanpo presioak eta boikotak pisu handia izan dezakete eta.

Buscar