Desobedientzia eskubidea, zaindu beharreko altxorra

Lau pertsonak epailearen aurrean deklaratu zuten atzo Bilbon, auzipetu gisa, Vueltaren harira Palestinako genozidioaren aurka protestatzeagatik. Israel Premier Tech taldearen parte hartzearen aurkako mobilizazioak etapa amaiera galarazi zuen, eta epaileak autoritatearen aurkako atentatua eta desordena publikoak leporatzen dizkie. Azken delitu hori egotzita, beste bi pertsona atxilotu zituen atzo Iruñean Polizia espainolak. Kasu horretan, urriaren 15ean Palestinaren alde deitutako greba orokorrean izandako istiluekin justifikatu zituzten atxilotzeak. Poliziaren ikerketa bat dago oinarrian, ez epaile baten agindua

Protesta eta desobedientzia eskubideak ere kolokan egon dira Aroztegiko kasuan. Lehenengo instantziako epaileak zazpi auzipetuek «talde kriminala» osatzen dutela ezeztatu eta gero, atzo Nafarroako Auzitegiak epaia berretsi zuen, akusazioaren errekurtsoa gaitzetsiz. Baztango proiektu espekulatibo horren aurka protesta egiteagatik epaitutako lagunek kartzela zigor eskaera handiei aurre egin behar izan diete, eta ibilbidea ez da amaitu, sustatzaileek Auzitegi Gorenera jo dezaketelako, diru gosea ase eta mendekua hartzeko.

Protesta eta desobedientzia kriminalizatzeko prozesuaren hiru fase biltzen dituzte atzo pilatutako hiru albiste horiek, Poliziaren aldebakarreko ikerketarekin hasten direnak eta, sarri, prozesu judizial luze batean katramilatzen direnak. Baina, era berean, hiru kasuak dira mobilizazio horien garrantziaren erakusle. Aroztegiko proiektua linbo batean dago orain, baina obrak geldiarazi zituen kanpaldirik gabe, eraikuntza lanak amaituta leudeke honezkero, eta egintza burutuen politika errege den lurraldean, atzera biderik ez luke izango proiektuak. Palestinaren kasuan, Vueltan Euskal Herrian eztanda egin zuen protesta mugarri nabarmena izan da Israel Premier Tech taldearekin sionistek egiten zuten sportswashing-a eteteko. Aurten ez da tropelean egongo.

Gorakada autoritario globalak Estatu espainolaren defizit demokratiko sakonekin bat egiten duenean, protesta eta, bereziki, desobedientzia preziatuak arriskuan daude. Haiek zaindu eta babestea inoiz baino garrantzitsuagoa da.

Buscar