Dibertsitatea balio bat da, itsasoan zein negozioetan
Atun gorriaren kuoten banaketa metodoak Frantziako Estatuan armadore talde txiki batek harrapaketa gehienak bereganatzea dakar, oligopoliorako joera duen egoera sortuz. Sei arrantza enpresak bereganatzen dute Akitania Arrantzaleen Erakundeko (OP) kuoten %80. Oso preziatua den arraina da, mende hasieran urritasun garaiak bizi izan zituena, baina suspertu egin da eta orain balio handia du. Errentagarritasun hori, ordea, esku gutxitan geratzen da gaur egun.
Egoera honen aurrean, arrantzaleen hainbat elkartek Frantziako Estatua salatu dute kuotak esleitzeko erabiltzen dituen irizpideengatik. Esaterako, «aurrekari» izeneko arrantza historia baloratzen da, baina hori erosi daiteke, kuota handituz. Okzitaniako Tolosako Auzitegiak epaia eman beharko du. MEDIABASKen argitaratutako Goizeder Tabernaren erreportaje batek auziaren inguruko jarrera ezberdinak, interes gurutzatuak eta euskal flotaren etorkizuneko aukerak aztertu ditu. Batzuek egoera honi monopolio deitzen diote, eta beste batzuek kontzentrazioa, baina datuek joera arriskutsua erakusten dute: Donibane Lohizune atun harrapaketako lehen portua zen 1950eko hamarkadan, eta gaur egun berrogei ontzi inguru daude aktibo. Banaketa horrekin, batzuk oso errentagarriak dira eta beste batzuk, aldiz, apenas dira bideragarriak.
Itsasoak berak mugarik ez izan arren, kuotak estatuen arabera banatzen dira, eta Bidasoaren bi aldeetako euskal arrantzaleek nabigazio karta desberdinak darabiltzate. Interesak eta arteak ezberdinak badira ere, arrisku eta erronka komunak dituzte, klima larrialditik hasi eta belaunaldi ordezkapen faltan buka. Gainera, arrainaren kontsumoa behera doa eta espezie gutxi batzuetan kontzentratzen da, negozioa ontzi gero eta gutxiagotan biltzen den bitartean, horietako asko euskal enpresak. Izaera harrapakaria beste maila batera eramanda, elikadura subiranotasunetik aldenduta, industria global hori lotsarik gabe da koloniala eta gutxi kezkatzen da etorkizunaz. Naturak, ordea, dibertsitatearen garrantzia irakasten du. Ulertu edo ez, komeni edo ez, horrek berdin balio du itsasoarentzat eta hura ustiatzen duten ontzientzat.