Duintasuna kentzen duen lanak hil ere egiten du

Lan baldintza eskasen gaineko eztabaida sustatu eta soldata duinak eskatzeko, ‘1.200 eurotik gora’ ekimena aurkeztu zuten orain dela bi aste. Atzo, prekarietatearen aurkako borrokara deitu zuen LABek, oinarrizko neurri gisa 35 orduko lanaldia eta 1.200 euroko soldata aldarrikatuta. Eta sindikatuaren aldarrikapena dolu bihurtu zen, aurreko bi egunetan Santurtzin lagun bana hil baitzen lan istripuz, ekitaldian salatu zutenaren ondorioz, hain zuzen. Lan istripuak ez baitira mendi txangoan tximistak jota zauritu edo hiltzearen parekoak, ez baitira edonori gerta lekizkiokeen ezbeharrak, baizik eta egunero soldata ziztrin baten truke gutxieneko segurtasunik gabe lan egiten duenari gertatzen zaizkionak.

Gauza jakina da, nabarmena baita, krisialdian langabezia bezala baldintza kaskar horiek ere areagotu egin direla, baina krisiak ere ez dira natur fenomeno kontrolaezinak. Eta enpresaburuek ez ezik administrazioek ere ematen duten azalpena, langabeziaren eta prekaritatearen errua krisiarena dela, alegia, ez da inondik inora onargarria. Badira krisiaren erantzuleak, eta badira haren ondorioak langileek eta herri sektore babesgabeenek jasatearen erantzuleak. Ez dira, ordea, finantza arduradunak eta patronala bakarrik, baizik eta baita inongo kontrolik gabe jokatzea errazten dieten administrazioak ere. Lan istripuak gertatutakoan horiek deitoratu besterik egiten ez duten administrazioak. Lan istripuei aurrea hartzeko legedia bete eta betearazi ere egiten ez dutenak.

Horixe da euren betebeharra, legedia hori hertsiki bete eta behar diren neurri guztiak abiatzea. Baina hori guztiz bateraezina da lan baldintza eskasei ez-ikusia egitearekin; areago, eskastasun hori ia sustatzearekin. Izan ere, krisiaren larria aitzakia, edozein eskubide murrizketa onartu izan diete enpresaburuei, «malgutasun» hori ekonomia hazkunderako ezinbestekoa dela esanda. Hazkundea, norentzat, ordea? Duintasuna, eta maiz bizia ere, kentzen duen lana duenarentzat ez, behinik behin.

Buscar