Egiturazko indarkeriaren aurrean, feminismoa

Euskal Herriko eta mundu osoko kaleak aldarrikapenez bete ziren atzo, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko egunean, egunero-egunero egikaritzen den borroka bat ikusaraziz. Historikoki isilarazi den bortizkeria hau seinalatzeko data garrantzitsua da Azaroaren 25a, eta biharamun honetan bidea urratzen jarraitzea beharrezkoa dela oroitzea dagokigu. Aste honetan bertan Maguette Mbeugou gaztearen hiltzailearen kontrako epaiketaren amaierak icebergaren punta diren kasuen adibide lazgarri bat erakutsi dio gizarteari. Era berean, Kazeta.eus webguneak publiko egindako testigantzak ahotsa jarri dio errealitate gordin honi. Indarkeria sexistaren adierazpide guztiei erreparatzea ezinbestekoa da sakoneko arazoari aurre egiteko.

Azken asteotan ezagutu ditugun kanpaina eta ikerketek erakutsi digute indarkeriaren aurpegiak askotarikoak direla eta emakume guztiei eragiten dietela. Adineko emakumeen kontrako biolentziaren ikusezintasuna da horren adibideetako bat. Eraso fisikoak ez ezik, indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa sufritzen dute adineko emazte askok. Errealitate horren aitorpen sozial eta instituzionaletik urrun gaude, ordea, adituek kasu hauei ematen zaien trataeragatik ondorioztatu ahal izan dutenez. Gazte eta nerabeen arteko indarkeria matxista kezka da, halaber. Estereotipoetan oinarritutako harremanek indar handia dute oraindik, kontrolaren eta mendekotasunaren bidezko indarkeria formak ahalbidetzen dituztenak.

Matxismoak oinarri dituen botere harremanak dira parekidetasun erreal bat lortzeko oztopo nagusia, botere harreman horien baitan gertatzen baita indarkeria sexista, eremu guztietan: pertsonalean, sozialean, politikoan, ekonomikoan, juridikoan zein instituzionalean. Egiturazko arazo baten aurrean gaude, eta aldaketak ere egiturazkoa behar du izan. Emakumeen ahalduntzean lan eskerga egin du feminismoak urteetan zehar, eta bide horri jarraituz, ezinbestekoa da gizarte osoa eta bere egiturak ere feminismoan ahalduntzea.

Buscar