Erabaki zuzena, behingoz, betiko bide malkartsutik

EITBko hedabideek ostiralean zabaldu zutenez, Guggenheim patronatuak ezetz esango dio Urdaibaiko museoa eraikitzeari eta proiektua «alboratuta» geratuko dela dirudi. Eskuliburuko eztanda kontrolatua da. Bizkaiko establishment-aren mesedetan aritzen den makineriak kolpe latza jasoko du.

Ez da erraza jakitea erabakiak entzute prozesuari erantzuten dion edo, aldiz, metodo hori erabili den, proiektu bideraezin bat etetea legitimatzeko formula gisa. Zuzendu dutenen maila ikusita, parte-hartze prozesuak benetako kezka islatzen zuela baiezta daiteke. Horrek eta Miren Arzalluz Bilboko Guggenheim Museoko zuzendaritzara iritsi izanak erabaki egokia hartzeko behar zen zuhurtzia ekarri dute mahaira. Beste azpiegitura batzuen inguruan behar bezalako parte-hartze prozesua egin izan balitz, emaitza bestelakoa izango zatekeen: bai kondizio tekniko eta zilegitasun handiagoarekin aurrera egingo zuketen proiektuetan, bai herrialdearen eta euskal herritarren premiei erantzuten ez zietelako bidean geratuko ziratekeen horietan ere.

Honetan guztian, lurraldekeria eta lurraldetasuna bereiztea oso garrantzitsua izango da, aurrerantzean ere.

Etengabe bi lubakien eskema bera errepikatzeak ez du aukera ematen eztabaidak behar adinako zuzentasunez, zehaztasunez eta premiaz planteatzeko. Beharrei eta proiektuei buruzko jarrerak ez dira alderdiek marraztu dituzten bezain eskematikoak, eta komeni da ñabardura horiei erreparatzea, berriro akats berak ez errepikatzeko.

Urdaibairi dagokionez, museoa askogatik gainditzen duten irakaspenak utzi ditu parte-hartze prozesuak. Eskualdearen garapenerako oinarriak finkatu dira. Ez daitezela utzikeriagatik usteltzen utzi.

Buscar