Errepresioaren pantaila pasatzeko tenorea

Hogeita bederatzi urte eta erdi preso egon ondoren, atzo atera zen kalera Josu Arkauz. Kartzelaldi luzeegi horretan Estatu frantseseko zein Estatu espainoleko hamalau espetxe ezagutu ditu. Kondenaren hiru laurdenak beterik, Josuk, beste askok bezala, kalean behar zuen 2015etik, baina ez da horrela izan. Gainera, 2018. urtean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hartutako erabakiak luzapen horretan eragin zuen; auzitegiaren ebazpenak ontzat eman zuen Estatu frantsesean betetako denbora kontuan ez hartzeko Madrilek asmatutako lege trikimailua. Josu Arkauzen kartzelaldiak laburbiltzen du orain arteko Estatu espainoleko espetxe politikaren ezaugarria: oztopoak eta trikimailuak, kartzelaldiak ahalik eta gehien luzatzeko. Egunotan esan du ere 28 urteko espetxealdia betetakoa den Iñaki Bilbao Beaskoetxeak elkarrizketa batean, kartzelan estres iraunkor bat dagoela, espetxe sistemak sortua eta preso bakoitzak barnean daramana. Tentsio hori gainetik kentzeko, presoak kartzelatik ahalik eta azkarren atera behar direla azpimarratu zuen. Luzatu ezin den erronka ezin argiago adierazi zuen Bilbaok.

Gutxieneko giza eskubide batzuk betetzen hasi bada ere, paraleloki Estatu espainolak bere jazarpen politikari eusten dio. Atzo iritsi zen Madrilera Jaione Jauregi. Belgikatik estraditatu zuten, duela 38 urte gertatutako delitu baten akusaziopean, aurrekariak kontuan harturik, preskribatuta dagoena. Gainera, Jauregik hamazazpi urte zeramatzan Belgikan bizitza arrunta egiten, ezkutatu gabe. Hala eta guztiz ere, Auzitegi Nazionalera eraman dute, fiskalak kartzelatzeko eskatu du eta epaileak onartu egin du.

Estatu espainolak gerra irabazi duela errepikatzen jarraitzen du ahal duen medio guztien bidez, baina gerra galdu izan balu bezala jokatzen jarraitzen du. Pantaila hori pasatzeko garaia iritsi zaio, errepresioa albo batera uztekoa eta presoak askatzekoa. Lehia politikoan eta konfrontazio demokratikoan argituko da etorkizuna.

Buscar