Eta zergatik ez, Talgo enpresa publiko bihurtu?

Talgoren etorkizunak airean jarraitzen du. Gobernu espainolak Ganz Mavag talde hungariarraren EEPari betoa jarri zion, «interes estrategikoko eta segurtasun nazionaleko» arrazoiengatik. Hark akzioko bost euro eskaintzen zituen. Ondoren, Sidenorren aukera agertu zen, egungo jabeak ez beste guztiak pozik uzten zituen industria bazkidea: %30 baino ez zuen erosi nahi, eta lau euro eskaintzen zituen. Lehiakide bat sortu zaio: Pesa trenak egiten dituen Poloniako enpresa publikoa. Arabako enpresariek urte amaieran Gobernu espainolera eta Lakuara jo zuten, eta Pesak teknologia bereganatzeko eta Talgoren lantegiak ixteko arriskuaz ohartarazi zuten.Antza denez, Pesak Société Générale eta Baker McKenzie abokatuen enpresa kontratatu ditu bere eskaintza osatzeko. Horren ondorioz, Talgoren akzioak burtsan igo ziren atzo, 3,6 eurotik 3,7ra, nahiz eta Gobernuak operazioari betoa jar diezaiokeen, Hungariako EEPk betoa jarri zion arrazoi berberagatik.

Mugimendu horietatik guztietatik bi gogoeta sortzen dira. Lehenengoa da Talgo enpresa inbertsio funtsen, pentsio funtsen, aseguru etxeen, funts subiranoen eta abarren multzo baten jabetza dela. Egungo jabeek ez dute industria proiektuan interesik. Hauen helburu bakarra bere garaian egin zuten inbertsioari errentagarritasuna ateratzea da. Horrelako jabetza batekin enpresak nekez izango du etorkizunik. Kontua da zergatik utzi zaion enpresa estrategiko bati –Gobernu espainolaren arabera– marrazo finantzario batzuen eskuetan  amaitzea. Zergatik ez zieten salmenta horiek betoa jarri, jabeengan interes industrialik ez bazegoen?

Bigarren gaia da eskaintzaile berria %100 enpresa publikoa dela. Interes estrategikoa eta segurtasun nazionalekoa bere horretan mantenduko direla suposatzen da. Harrigarria da Europan oraindik enpresa publikoak existitzen direla ikustea, baina ez Euskal Herrian. Gaur egungo jabeek alde egin nahi badute, zer arazo dago euskal erakundeek partaidetza horiek eros ditzaten. Herri honetan talentua sobera dago proiektu industrial bideragarri bat egiteko, eta ziur nahikoa gihar finantzario ere badagoela. Zeren zain daude?

Buscar