Euskal kulturaren geroa krisiaren erdian marrazten

Pandemiaren gorabeherek mota guztietako ekitaldiak aldatzera behartu dute. Askok hurrengo edizioa bertan behera uztea beste erremediorik ez dute izan; beste batzuk, berriz, aldaketekin bada ere, asmatu dute aurtengo edizio nola mantendu. Horixe egingo du Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren hurrengo edizioarekin. Aurtengoak formatu digitala izango du. Salerosketak webgune baten bidez egingo dira eta ondoren etxean jasoko dira erositako produktuak. Hala ere, osasun egoerak ahalbidetzen badu, gainerako jarduerak –aurrez aurreko zuzeneko egitaraua– mantentzen ahaleginduko direla ziurtatu dute antolatzaileek.

Mende erdiz baino gehiagoz, Durangoko Azoka mirari txiki bat izan da euskal kulturarentzat eta euskal sortzaileentzat. Ezinbesteko erreferentzia ekonomikoa, kultur ekintza erraldoia eta esperientzia kolektibo itzela izan da beti abenduko zubia. Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzako, arnasgune bilakatu da urteroko hitzordua mundu globalizatu honetan. Azokak duen garrantzia ulertzeko oso adierazgarria da argitaletxeek eta diskoetxeek urteko salmenten %22 Durangon egin ohi dituztela. Datu horrek Azokaren garrantzia adierazten du, baina ahuldadea, edo, hobe esanda, dependentzia, ere erakusten du. Izan ere, esperientzia positibo horrek ez du jarraipenik urteko gainerako egunetan. Eta hori aspalditik kezka iturri izan da euskal kulturarentzat, irtenbiderik aurkitu ez bazaio ere.

Atzoko iragarpena abenduan ateak itxiko dituen Plateruena antzokian egin zuten. Itxiera hori pandemiak ekarri dituen aldaketa sakonen adierazle da. Gauzak egiteko era, harremanak izateko eta kulturara hurbiltzeko moduak aldatzen doaz. Eta bidean galerak izaten ari dira, baina nostalgiak eta tristurak ez dute inolako ekarpenik egiten. Baikorrek diote krisi guztiek beren baitan aukera berriak eskaintzen dituztela. Agian eztabaida eta hausnarketarako unea iritsi da, euskarak eta euskal kulturak egun dituzten aukerak arakatzeko eta etorkizuna marrazten jarraitzeko.

Buscar