Euskararen aldeko borroka gaurkotu eta eraginkortu

Nostalgia tentazio arriskutsua da bizitzaren alde guztietan. Eta euskaldun eta euskaltzaleen bihotzetan hain barneratua izanik, euskararen aldeko borroka ez da kinka horretatik batere aparte. Duela 40 urte baino gehiago ospatzen hasi zenetik, Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen festa, milaka eta milaka lagunen bizipenetan eta zenbait belaunaldiren oroimen kolektiboan sakonki sustraiturik dago. Aldi berean, ordea, inork gutxik uka lezake egungo euskal gizarteak 1977ko harekin zerikusi gutxi duela, eta euskararen aldeko grina berberari eusten badio ere, joera honek beste adierazpide batzuk dituela. Desfase hori gainditu nahian, atzo Zarautzen eginiko edizioa eredu horretako azkena izatea erabaki dute. Zizurkil-Villabonako hurrengoak bide berriak landuko ditu, besteak beste, kontsumo joera klasikoetatik urrunduz eta parte hartzeko bide berriak garatuz.

Ez da kasualitatea asteburu honetan bertan Euskaltzaindia ere etorkizunari begira jarri izana. Mendeurrena itxi duen ekitaldian, aukera berriei eusteko borondatea agertu du akademiak, besteak beste, digitalizazioa eta nazioartekotzea bultzatuz. Euskaltzaindiak ehun urte eta ikastolek (edota batuak) mende erdia egin berri duten honetan, euskararen aldeko borroka gaurkotzeko eta eraginkortzeko borondate berbera antzematen da. Irudimena erabiliz, parte hartzea sustatuz eta molde berriak asmatuz egin daitekeenaren erakusgarri garbia eman zuen jada Euskaraldiaren lehen edizioak, duela hamar hilabete eskas.

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiek egunotan frogatu dutenez, euskara liskar politikoetan, aurreiritzi faltsuetan eta ezjakintasunaren apologian itotzen saiatzeko tentazioak ere ez du etenik. Atzerakada horiei aurre egin beharra ukaezina da, baina horrek ez du berez ohiko moldeen betikotzea eragin behar. Aurrera begiratu behar dute euskaldun eta euskaltzaleek, beren etsaiek euskara atzera bidal ez dezaten. Eta horretan ari dira, ari gara.

Buscar