Euskarari plaza berriak ireki eta erabilera zabaltzeko akuilu

Euskaraldiaren bigarren edizioa hasiko da gaur. Bizitza soziala murriztera behartuta gauden ezohiko egoera honetan, euskarari plaza berriak zabaltzeaz gain, hizkuntzaren erronka nagusiei errepasoa egin eta erantzunak bilatzeko aukera paregabea.

Euskara bidegurutzean dugu, Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak ongi azaldu bezala –bihar GAUR8n berarekin egindako elkarrizketa topatuko duzue–. Euskara egoera onean dago, baita txarrean ere. Eta hobera egin dezake, baina baita okerrera ere. Azken 40 urteotan zehar, eskolatzea medio, gazteen artean lortutako ezagutza maila harro egoteko modukoa da. Aurrean dugun erronkaren tamainak ez dezala lortutakoa debaluatu. Baina ez dezala estali, aldi berean, ezagutzak ez duela, bere kabuz, euskararen normalizazioa bermatzen. Ezta biziraupena ere. Belaunaldi berriek ez badute inon ikusten euskararen erabilgarritasuna, hizkuntza bazterrean uzteko arriskua erreala da. Hori modu orokortuan gertatzeak ez dakar atzerapauso bat, amildegian aurrerapauso bat ematea baizik, tartean euskararen biziraupena bermatu duten elementuetako batzuk desagertu edo ahuldu egin direlako.

Erabilera da, ez bakarrik, baina bai nabarmenki, bidegurutze honetan hartzen dugun bidea baldintzatuko duen aldagai nagusia. Erronkak estrategia desberdinak galdegiten ditu, lurraldearen arabera, eta aktorearen arabera. Instituzioei, adibidez, jarrera proaktiboagoa eskatu behar zaie, Nafarroan eta Euskal Elkargoan bereziki, baina baita EAEn ere. Euskaraldia babestea poztekoa da, jakina, eta oso ongi dago, baina instituzioen berezko lana legearen babesa eskaintzea eta, gehienbat, baliabideak jartzea da. Hiztunek ere badaukagu lana: erabilera konplexurik gabe praktikan jarri, hizkuntzarekiko indiferente direnak –ez kontrakoak– bereganatu eta ikasten ari direnen bidea erraztea –hizkuntzaren zuzentasuna ahaztu gabe, egokitasuna lehenetsiz, adibidez–. Ez da lan gutxi. Gaur hasten den euskaraldiak bide horretan urrats berriak ahalbidetu ditzala. 

Buscar