Geltokiz geltoki, erabakitzea da helmuga

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean, erronka berriak finkatu ditu Gure Esku Dago ekimenak. Larunbatean Gasteizen egindako ezohiko batzarrean adostu zituen datozen hilabeteetan gauzatuko dituen ekintzak, baita prozesua aurrera eramateko bildu nahi dituen oinarriak ere, adostasuna lortzeko gaitasuna eta parte hartze zabala erdigunean kokatuz. Hala, urrats praktiko berriak iragarri zituen; Ispasterren, Diman eta Goierrin egingo dituzten galdeketak, kasu. Azken eskualde honetan datorren asteburuan ekingo diote prozesuari. 2014an Etxarri Aranatzen eta Arrankudiaga-Zollon egin bezala, tokian tokiko dinamiken bitartez erabakitzeko eskubidea azken helmugara eramatea da xedea, epeak herritarren aktibazioarekin bat finkatuz.

Eskoziako eta Kataluniako ereduei begiratuz baina Euskal Herriak ezaugarri propioak dituela jakinda, erritmo egokia bilatzea ezinbestekoa da. Abiadura bortxatu gabe, indargunea pertsonengan kokatuz, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidelagun guztiak beharrezkoak direla nabarmendu du Gure Esku Dagok, eta aktore guztien inplikazioa lortzean egongo da prozesuaren beste erronka nagusietako bat. Alta, desberdintasunetatik helmuga komunera iristeko, borondateak ehuntzea izango da zereginetako bat. Lan mardula izango den arren, dinamika honek zerbait erakutsi badu, atxikimenduak lortzeko gaitasuna da hori. Herritarrak erdigunean kokatuz eta tresnak horien esku jarriz erabakia gauzatzeko bidea auzolanean eraikitzea izango da gakoa.

Herritarron garaia dela adierazi zuten ehunka lagunek larunbatean Gasteizen; zer, nola eta noiz erabaki nahi dugun zehazteko garaia. Herri gisa zer etorkizun nahi dugun erabakitzeko aukera ezin da galbidera bota, eta, xedea herritarroi dagokigun eskubidea demokratikoki gauzatzea izanik, ulergaitza litzateke gelditasuna, eta onartezina, ukazioa. Estatuen aldetik ez da erraztasunik espero; aitzitik, herriaren borondatea badago, geltokiak hor daude; mugimenduak eramango gaitu helmugara.

Buscar