Glifosatoa eta Bayer, errudun berriro ere
19/04/2019

Monsantok, alegia, Bayerrek –2018an erosi baitzuen enpresa alemanak multinazionala– beste kondena bat jaso du, kasu honetan Estatu frantsesean. Lehenago Ameriketako Estatu Batuetan gertatu bezala, epaile frantsesek Monsanto zigortu dute, laborari bati arrazoia emanez. Ez da gertatzen den lehen aldia: Paul François-en minbiziaren ardura nagusia Lasso izeneko herbizida batek duela esan berri dute hirugarrenez epaitegiek.

Kasu partikularra izan arren –duela hilabete bat, AEBetan, antzeko kasu batean, ezarri zioten Monsantori 80 milioi dolarreko zigorra–, aferak mahai gainean jartzen du herbiziden auzia, bereziki glifosatoarena, azkenaldian polemika betean egon dena. Izan ere, 2017an, Bayer alemanak Monsanto erosi baino hilabete gutxi batzuk lehenago, Europar Batasunak glifosatoa erabiltzeko baimena beste bost urtez luzatu zuen, ebidentzia zientifiko gehienek kontrakoa gomendatzen zuten arren. Horien artean nabarmenena OME Osasunaren Mundu Erakundearena da, zeinak 2015ean herbizida askoren osagai hori minbizia sor dezaketen produktuen artean sartu baitzuen. Horren aurretik ere, azken mende erdian zientzialari eta erakunde ekologista ugarik salatu dituzte glifosatoak izan ditzakeen arriskuak, bai zuzenean gizakiengan, baita ingurumenean ere.

Auzia kontinentala da. Azken erabakia Europar Kontseiluarena den arren, alegia, estatuena –Madrilek glifosatoaren alde egin zuen 2017an; Parisek kontra–, eztabaida Bruselan piztu da eta Europar Parlamentuak badu zer esana. Urtarrilean europarlamentarien gehiengo zabal batek glifosatoaren arriskuen inguruko txosten guztiak berraztertzea erabaki zuen. Ariketa horren ondorioekin herbizida horien debekua eskatu ahalko du Europar Parlamentuak, 2022. urteko mugara itxaron behar izan gabe. Maiatzaren 26an Europar Batasuneko herritarrek aukeratuko dituzten parlamentariena izango da erabakia.

Artículos
Antonio Alvarez-Solís
16/12/2019
Bitor Abarzuza Fontellas
16/12/2019
Jokin Revilla González y Usua Zuluaga Martin
16/12/2019
Víctor Manuel Egia Astibia
16/12/2019
Cartas
Joseba Ortega Jungitu - Bilbo
16/12/2019
Manu Ballesteros
16/12/2019
Juan José Dapousa Garma - Bilbo
13/12/2019