Hamaika aberats lotsagabe
Equality Trust-ek, desberdinkeria aztertzen duen erakunde britainiarrak, 1990etik 2025era milamilioidunen artean izandako aldaketen analisia egin du. 35 urte horietan, lotsagarriro aberatsak direnen bai kopurua, baita aberastasuna ere nabarmen hazi dira. 1990ean 15 ultra-aberats baziren, 2025ean milioidunak 165 dira, ia hamaika aldiz gehiago. Metatu duten aberastasuna proportzio berean igo da: 65.800 milioi liberatik 619.500 milioira. Zalantzarik gabe, globalizazioaren aroak aberastasuna metatzeko aukera handiak eman ditu, are gehiago neoliberalismoaren banku-nodo eta paradisu fiskal gisa funtzionatu duen City-an. Izan ere, gutxiengo pribilegiatuaren kopurua eta aberastasuna handitzeaz gain, beren osaera eta aberastasun-iturriak ere aldatu egin dira. 1990ean merkataritza zen aberats horietako gehienen jarduera nagusia, 2005ean aberastasun-iturri garrantzitsuena higiezinen arlokoa zen, eta 2025ean lehen bi postuak higiezinen jabetzak eta finantzek betetzen dituzte.
Joera horrek erakusten du aberatsen etekinak aspaldi ez direla ekoizpenean eta salmentan oinarritzen, baizik errentei ematen zaien lehentasunean. Jakina, jarduera horren oinarrian daude gehiengoaren ustiapena eta espoliazioa gutxiengoaren mesedetan. Ikerketak agerian uzten du aberastasuna pilatzen den alorretan jendeak sufritu egiten duela. Aberatsek etxebizitza eta kreditua erabiltzen dituzte langileen errentak gero eta proportzio handiagoan ateratzeko, gehiengoen bizitza okertuz. Bizi-baldintza horiek “arintzeko”, aberatsek entretenimendua saltzen diete, aurreko guztiari diru-iturri berria gehituz. Jokaldia biribila da; biribila eta makabroa.
Euskal ikuspegitik honek guztiak badu beste erpin bat. Historikoki joera anglosaxoiak hona heltzen bost eta hamar urte artean berandutzen ziren; gaur egun, ostera, inportazio hori ia berehalakoa da. Interesgarria litzateke garai berean euskal aberatsak nola aldatu diren eta orain aberastasun-iturriak zeintzuk diren jakitea. Arazoa da, Londreseko aje guztiak ziztu bizian iristen bazaizkigu ere, ondo egiten dituzten gauzak ez direla inoiz heltzen. Gardentasuna, adibidez. Euskal aberatsak lotsagabeak ez ezik, lotsatiak ere badira, antza.