Haurdunaldiaren eteteak, azkenik, sare publikoan

Datorren urrian Osakidetzak proiektu pilotu bat abiatuko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haurdunaldiaren borondatezko eteteak sare publikoan egiteko. Hala iragarri zuen atzo Alberto Martinez Osasun sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean, eta erabaki hori gaur egun zentro pribatuetara bideratzen diren abortuak osasun sare publikoan egiteko hartutako konpromisoa betetzeko lehenengo pausoa izango da. Logikoa da administrazio publikoak bere konpromisoak betetzea, kasu honetan bermatu behar duen eskubide bati dagokiona. Beste alde batetik, 2025eko abenduan Gasteizko Legebiltzarrak gehiengo handiz Lakuako Gobernuari eskatu zion egutegi bat eta plan integral bat aurkezteko Osakidetzak haurdunaldiaren borondatezko etete guztiak bere baliabideekin hartzeko.

Osakidetzako talde tekniko batek eredua, protokoloak eta kronograma zehazten dihardu dagoeneko, urrian hardunaldiaren etete horiek zuzenean egiteko pilotajea abiatzeko. Hasteko, hamar astetik beherako haurdunaldien kasuei emango diete lehentasuna, abortu kasurik ohikoenak baitira. Lehenengo fase hori amaitu eta ebaluatu ondoren, esku hartze horiek sare publikoan hedatzen joango dira. Sailburuak esan zuenez, abortatzeko eskubidea bermatuta dago, eta Osakidetzak bere gain hartzen ditu arrazoi medikoengatik egiten diren haurdunaldi eteteak, konplexutasun handiagokoak, 22. astera arte eta, batzorde klinikoek babestutako egoera espezifikoetan, haurdunaldiaren amaierara arte; hala ere, gauza jakina da haurdunaldiaren etete gehienak finantzaketa publikoa duten klinika pribatuetara bideratzen direla. 

Ez da albiste txarra atzo Osasun sailburuak iragarritakoa, denbora luzean sare publikotik pribatura bideratutako zerbitzu bat bermatzeko proiektua den aldetik, sare publikoan osorik eman zitekeen eta aspaldi eman beharra zegoen zerbitzua izanik. Albiste ona da, edonola ere, sailburuak agertu izana Osakidetzak haurdunaldiaren etetearen inguruko esku hartze guztiak bere gain hartuko dituen eredu baterantz egiteko konpromiso «argia». Eskubideak bermatzeko urratsak albiste ona baitira beti.

Buscar