Herri Urratsek euskararen geroa koloreztatzen du

Senpereko aintzira, urtero legez duela lau hamarkada luzetik hona, milaka lagunen aterpe eta jolaslekua izan zen atzo, Ipar Euskal Herriko ikastolen festa handian. Zirimiriak bazterrak blaitu zituen tarteka, baina aroa ez zen pasatu den urtekoa bezain makurra izan, eta aitzakiarik ez zen izan egunaz gozatzeko. Ez da gutxi, eguraldiak edo bestelako oldarraldiek –Polizia espainolarenak, adibidez, aste honetan gogora ekarri dugunez– behin baino gehiagotan zapuztu baitute jende askok irrikaz espero duen hitzordua.

41. edizio honetan nagusi izan diren normaltasunak eta jai giroak, ordea, ez du ezkutatzen ikastolek mugarria izan daitekeen unea bizi dutela gaur egun, eta, testuinguru honetan, buru gainean laino ilun batzuk badituztela. Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) osatzen duten lau erakundeetatik handienak, Estatuak, alegia, Seaskaren ikastetxeek ezinbestekoa duten behar ekonomikoa asetzeari muzin egin dio, eta haien oraina, eta zer esanik ez geroa, ataka zailean jartzeko erabakia hartu bide du. Agintari frantziarrek euskararekiko erdeinuzko jarrerari eusten diote, gainerako instituzioen ordezkariek atzo egindako adierazpenek agerian utzi zutenez, eta, nahiz eta azken hauek ahalegina egingo duten finantzaketa krisiari erantzuteko –Euskal Elkargoak 650.000 euro gehiago ematea ez da nolanahiko albistea–, Jean-Jacques Lasserre departamendu buruak argi utzi zuen gai honetan Estatuko ordezkariak gotortuta daudela. Ez da gauza berria, ohikoa duten jarrera baita, baina berdin-berdin da asaldagarria.

Instituzioek utzitako zuloa euskal jendarteak eta herri ekimenak bete beharko dute. Hau ere ez da gauza berria, eta, zorionez, herri honek hamaika aldiz erakutsi du gai dela, auzolanean, zailtasun orori aurre egiteko. Ez luke hala izan behar, euskarak baliabideak izan behar lituzke bere geroa bermatzeko, ekonomikoak zein ofizialtasunari dagozkionak, baina beharrezkoa den bitartean hala izango da. Herri Urratsek ostadarra hautatu du aurten lelo eta irudi bezala, aniztasuna aldarrikatzeko, baina ostadarrak balio du, baita ere, jai honek euskarari egiten dion ekarpena islatzeko. Egoerarik ilunenetan ere haren etorkizuna koloreztatzeko gai izan baita beti.

Buscar