Herriari begira sortu eta hari esker hazitako azoka
Durangoko Azokak, urtero bezala, ateak zabaldu zituen atzo. Uler dadila zentzu metaforikoan; zentzu literalean, lehenengo urteetan ez baitzuen aterik zabaldu beharrik, Santa Maria elizaren atari hartan, udazkeneko hotza ohiko bisitari zela. Eta debeku baten ondorioz, zentzu literalean ere, ateak zabaltzen hasi zen 1974an, Merkatu plazara aldatu zutenean. Gauza jakina da frankismoarentzat liburuak –kultura, oro har–, are gehiago euskarazkoak, mehatxu larria zirela eta gaur egun ere neurri batean Estatu espainoleko hainbat arduradunek mehatxu gisa sumatzen dutela euskal kultura. Edonola ere, ez hotzak ez errepresioak ez baliabide eskasiak ez dute Durangoko topagunea zapuzterik izan. Aitzitik, hasierako herri ekimen xume hura urtetik urtera sendotuz joan da, zalantzarik gabe Euskal Herriko kultur gertakizunik garrantzitsuena izateraino. Herritarrek hala nahi izan dutelako; horrexegatik, mende erdia igarota, inoizko egitaraurik oparoena eskaintzen du aurtengo edizioan.
Izan ere, zenbakitan neurtuta, ukaezina da urteurren borobil honen garrantzia: 750.000 euroko aurrekontua, ia 300 erakustoki, 270 kultur ekitaldi, ehunka nobedade eta horien hainbat egile irakurleekin buruz buru... Zenbaki potoloak gertakizun potolo baterako. Eta zifrak hizpide, ez dago aztia izan beharrik bost egunotan Landakora egingo dutenena ez dela makala izango.
Ibilbide luze eta eredugarria egina du Durangoko Azokak. Ez akatsik gabea, ez kontraesanik gabea, baina horietatik ere ikasi duela erakutsita. Herria motibo eta arnasa izaki, hari begira sortu zen, hari esker hazi da. Herri honetan badira hizkuntzaren, nazio eraikuntzaren, errepresioa jasaten dutenen inguruko zenbait hitzordu garrantzitsu, eta hobe litzateke gertakizun arrakastatsu horietako batzuk egin beharko ez balira, Durangokoa ez bezala, ordea. Antzeko gauzak esaten dira urtero gertakizun horren gainean, eta errepikatuko ahal dira hurrengo 50 urteetan!