Hondakinen kontrola, sortu, bidali eta jasotzean

Urriaren 11n intentsitate txikiko sute bat izan zen Zubietako erraustegian. Ke dezente sortu bazen ere, enpresak esan zuen segituan itzali zutela. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) hasieran «mankomunitate batetik datorren material sukoiaren deskarga» jo zuen suaren iturburu posibletzat. Herenegun Lakuako Gobernuak jakinarazi zuenez, gero egindako ikuskapenen arabera, segur aski bertara eramandako itsasoko bengalek eragin zuten sutea.

Lakuak esan du berak ez duela halako suteetatik babesteko eskumenik eta, ondorioz, ezin zuela gertakarian esku hartu. GHK-k, berriz, hasiera-hasieratik mankomunitateengan jarri du arduraren fokua, material hori hortik zetorrela nabarmenduz eta instalazioen segurtasun eta funtzionamendu egokia bermatzeko «mankomunitate guztien kolaborazioa funtsezkoa» dela gogoraraziz. Lankidetza hori eskatzea zentzuzkoa da, jakina, ezinbestekoa baita baimenduta ez dauden hondakinak ez bidaltzea. Hala ere, hori ezin dute aitzakia gisa erabili ez GHK-k, ez Lakuako Gobernuak beren ardurei ez erantzuteko, kasu honetan gertatzen ari den bezala. Gasteizko Gobernuak GHKri 2016an emandako Ingurumen Baimen Bateratuan irakur daitekeenez, GHKren betebeharretako bat da jasotzen dituen elementuak kontrolatzea. Zehazki, instalaziora iristen diren hondakinen kontrol eguneratua egitera behartuta dago erraustegia, ingurumen baimenean jasotako baldintzak betetzen direla bermatu ahal izateko. Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitekoa, berriz, erraustegiak baztertutako hondakinen erregistroa jasotzea eta horren jarraipena egitea da.

Bistakoa da kasu honetan hondakinen kontrola ez dela behar bezala egin, ez horiek bidaltzean, ezta jaso eta horien jarraipena egitean ere. Horrek, ostera, ezin du batak besteari errua botatzeko erregaia izan, baizik eta hondakinen katean esku hartzen duten parte guztiek –herritarrek, mankomunitateek, GHK-k, Lakuak...– dagozkien ardurak hartzeko akuilua. Hondakinak, sortzean, bidaltzean zein jasotzean –zer esanik ez errausteko asmoa izanez gero–, kontrolatu egin behar dira.

Buscar