Indarrak berritzetik Euskal Herria indarberritzera

Azken hauteskunde zikloaren ostean, Hego Euskal Herriko alderdi politiko nagusiak kongresu prozesuetan murgilduta daude. EH Bilduk ponentzia politikoa osatu du jada, eta atzo eman zuen zuzendaritza berritzeko proposamenaren berri. EAJren kasuan, herrialdeetako burukideak aukeratu dituzte eta, dirudienez, Andoni Ortuzarrek EBBko buru izaten jarraitzea erabaki du, afiliatuen berrespenaren zain. PSEn, idazkari nagusitarako Eneko Andueza soilik aurkeztu da, eta orain zuzenketak bozkatzen eta delegatuak aukeratzen ari dira. UPNk, berriz, aurten erabakiko du nork hartuko duen gidaritza.

Kongresu prozesuak militantzia elkartu, bilana egin eta estrategiak eta lidergoak berregokitzeko garaiak izaten dira. Bilakaeraren eta emaitzen arabera, aldartea eta aldaketak oso bestelakoak izaten dira. Edozein kasutan, emaitzak aztertzerakoan ez zaio soilik alderdi bakoitzak lortutako kargu edota boto kopuruari erreparatu behar. Mundu mailan zibilizazio krisiaren zantzuak geroz eta agerikoagoak dira, eta Euskal Herriak erronka kolosalak ditu: euskararen aurkako oldarraldia, desberdintasun sozialen areagotzea, zaintza krisia, larrialdi klimatikoa, zerbitzu publikoen murrizketa, ehun komunitarioaren ahultzea... eta noski, horiei erantzuteko burujabetza falta. Hori kontuan izanik, alderdi eta eragile bakoitzaren estrategiak horren arabera ere neurtu eta eraberritu behar dira: orain arte garatutako estrategiak aski izan al dira egiturazko erronka horiei aurre egiteko? Aro aldaketa honetan, zeintzuk dira herri eta alderdi gisa gauzatu beharreko eraldaketak? Hamarraldi erabakigarri eta nahasi honetan, ziurtasun bakarra dago: inertziak kudeatu eta bertan goxo egotea aukera galtzailea da; bai herri gisa, baina baita alderdi bezala ere.

Ezustekorik ezean, hauteskunderik gabeko tarte bat izango da orain. Abagune aproposa da erronka horiei arnasa luzeko begiradarekin heldu eta era partekatu batean erantzuteko. Hau da, alderdi edo ordezkari politiko jakinez harago, politikaz eta euskal herritarrek behar dituzten politikez hitz egin eta urrats ausartak egiteko. Behin indarrak berrituta, Euskal Herria indarberritzeko garaia da.

Buscar