Industria ez da sustatzen inbertsioa oztopatuz
Tubos Reunidoseko langileek eta enpresaren zuzendaritzak ez zuten atzo akordiorik iritsi enpresaren lan erregulazioaren inguruan. Langileek uste dute altzairutegiak zabalik jarraitzea funtsezkoa dela lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko, eta logistika kanpora ateratzeak enplegu galera ekarriko duela. Hala ere, enpresaren zuzendaritzak iragarri zuen erregulazio espedientea aplikatzera «behartuta» dagoela, eta, hortaz, kaleratzeak izango direla. Oso litekeena da sindikatuek lan erregulazioa auzitara eramatea eta, hala egitera, epaileek ebatzi beharko lukete langileen kaleratzeen inguruan.
Lan erregulazioa indarrean jarriko duela esan zuen enpresak eta horretarako argudiatu zuen lantaldea murriztea ezinbesteko neurria dela, bideragarritasuna bermatzeko. Halaber, ohartarazi zuen langileekin akordio batera iritsi ez izanak hurrengo urratsak oztopatuko dituela, hala nola zorra berregituratzea eta finantzabide berria bilatzea, alegia. Baieztapen hori ez da harrigarria enpresaren zuzendaritzaren ahotan, baina gutxienik atentzioa ematen du Lakuako Industria sailburuari entzunda; gauza bertsua esan baitzuen Mikel Jauregik atzo, Tubos Reunidoseko langileek enpresaren azken eskaintza onartu ala ez eztabaidatzen ari ziren bitartean. Sailburuaren eginkizuna bere arloko arazoei irtenbidea bilatzea da, inbertsioa erakartzeko, eta ez uxatzeko, ahaleginak egitea, industria eta enplegua sustatzea. Horixe eskatu zioten langileek, lan erregulazioaren aurrean inbertsioak bilatzeko aukerak bultzatzeko, hain zuzen. Sailburuak, aldiz, hain justu kontrakoa egin zuen, esan baitzuen enpresak pilatutako zorrak ez ezik Ekialde Hurbileko gerraren ondorioek ere eragingo diotela: «Ea nor ausartzen den» inbertitzen, esan zuen.
Langileen erabakiarekiko errespetua agertu zuen sailburuak, baina haien eskaera eta egoerarekin oso gutxi. Beharbada isilik geratzeko aukera bat galdu zuen. Horrelakoetan enpresaren zuzendaritzaren alde egiteko joera hori bat dator langileak produkzio kostu hustzat hartzearekin, beharrezkoak direnean erabili eta behar ez direnean baztertzen diren tresnak, eta ez eskubidedun pertsonak, balira bezala.