Inpunitatearen eta gomazko piloten aurka
Milatik gora zauritu egon ziren 2017ko urriaren 1ean Katalunian egin zen erreferendumean, Poliziaren erasoen ondorioz. Haietako bat da Roger Español, gomazko pilotakada bat jasota begi bat galdu zuen aktibista. Eraso hura dela-eta, lau polizia epaitu berri dituzte Bartzelonako Auzitegian. Gertakari haiengatik egin den epaiketa bakarra da, gainerako poliziak amnistiaz baliatu baitira. Herri akusazioak kartzela zigorra eta desgaikuntza eskatu ditu, haren iritziz frogek berresten baitute eskopetariak tiro egiteko borondatea zuela. Bai Fiskaltzak, bai Estatuaren Abokatutzak, berriz, akusatuen absoluzioa eskatu dute. Eraso hark aktibista katalanaren bizitza aldatu zuen, eta, kasua epaiaren zain dagoela, Estatuak auziaren aurrean duen joera politikoa salatu du gaur orrialdeotan irakurgai dagoen elkarrizketan.
Gazte katalanak nabarmentzen duenez, tiro egin zuen polizia eta aginduak ematen aritu zirenak identifikatuta daude. Jakina da eskuarki poliziak identifikatzeko trabak izan ohi direla nagusi; beraz, uste du erruduntasun epairik ez badago, aurrekari larria izango dela. Halaber, bera lehen unetik kriminalizatzeko saioa salatu du, ospitalean zela Fiskaltzak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu baitzuen beretzat atentatu delitu batengatik.
Ondoren, amnistia dela-eta, akusazioa bertan behera geratu zen. Beste alde batetik, hilgarriak izan litezkeen jaurtigaien erabileraren aurkako epaiketa ere izan beharko luke Bartzelonako Auzitegiko honek, berriro inoren segurtasunerako tresna ez direla ikusita, kontrakoa baizik.
Ez da ohikoa poliziak akusatuen aulkian eserita ikustea, eta ez horretarako arrazoiak biltzen dituen kasurik ez dagoelako, hain justu ere. Aitzitik, justizia egin gabeko hamaika kasu daude Euskal Herrian bakarrik. Guztietan, Bartzelonan epaitu den kasuan bezala, ohikoa da erasoa jasan duenaren kriminalizazioa eta Poliziaren jardunak ontzat jotzea, areago “mozal legea” indarrean denetik. Poliziaren jarduna kezkatzeko modukoa bada, ez da gutxiago arduradun politikoena, aldiro-aldiro polizien alde agertzen baitira, aspaldi gabe Santurtzin, Ander Saenzen heriotzaren ondoren, egin zuten bezala.