Israel isolatzeko partida irabazteko dago

Baskoniak Tel Aviveko Hapoel saskibaloi taldearen aurka jokatu zuen atzo Sofian. Bihar Belgradera mugituko dira jokalariak, Israelgo Maccabi taldearen aurkako norgehiagoka jokatzeko. Eta abendutik aurrera, Euroligako taldeak Israelera bidaiatzen hasiko dira berriz, azken bi urteetan atzerrian aritu eta gero, Hapoel eta Maccabi berriz Tel Aviven jokatzen hasiko baitira. Emaitzak, kasu hauetan, gutxienekoa dira, honezkero jokatu ere egin behar ez ziren partidak direlako. Asko egin da kirol munduan Israel bakartzeko –Premier Tech enpresa kanadarrak Israel taldea babesteari utzi berri dio, adibidez–, baina askoz gehiago dago egiteko oraindik.

Aski ezaguna da Israelek kirolei –edo Eurovision eta antzeko nazioarteko showei– ematen dien garrantzia. Lagundu egiten dio beste ezein estatu bezala homologatzen eta bere lekua Mendebaldeko sistema demokratikoen artean dagoela adierazten. «Ekialde Hurbilean gaude, baina zuek bezalakoak gara», esaten dute euren presentziarekin. «Ekialde Hurbilean gaude, eta zuen alde ere borrokatzen ari gara», esan nahi dute. Israelek politika egiten du kirolarekin; hortaz, ezin da kirola eta politika ez direla nahastu behar defendatu erridikulurik egin gabe. Hemen bakoitzak berea egin behar du Israel isolatzeko orduan, horrela baino ez direlako amaituko bai genozidioa, bai bidea erraztu dion apartheid sistema ankerra. Hegoafrikaren kasuak balio du beste behin, adibide gisa, kasu hartan, nazioarteko kirol lehiaketatik kanporatzeak lagundu baitzuen, beste esfortzu askorekin batera, erregimen arrazista hura eraisten. Errusiaren kasuaren isla ere lotsagorritzeko modukoa da. Ukraina inbaditu eta gero, herrialde eurasiarra lehiaketa guztietatik kanporatu zuten. Ez dago aitzakia posiblerik Israelekin berdina ez egiteko.

Txanpon honen ifrentzua San Mamesek eskainiko du larunbat honetan, isolatzeko eta salatzeko ez ezik, kirolak besarkatzeko eta babesteko ere balio duelako. Atzo Palestinako futbol selekzioak Loiun jasotako ongietorria da lekuko. Kirol mundutik asko egiten ari da genozidioaren aurka, baina partida luzea da, eta irabazteko dago oraindik.

Buscar