Justizia Anderrentzat, ez dadila berriro gerta
Santurtziko Udaltzaingoaren esku-hartze batean zauritu eta bi egunera hil zen gaztearen senideek eta lagunek, hainbat kolektibok eta herritarrek babestuta, Justizia Anderrentzat plataforma aurkeztu zuten atzo. Santurtziar gaztea ospitaleratu arteko gertakariak argitzea dute helburu, baita Anderren familiak abiatu duen bide judizialean laguntzea ere. Era berean, hildako gaztea poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortzeko eskatu zuten eta, berriro horrelakorik gerta ez dadin, taser pistolak eta gisa horretako polizia baliabideak debekatzeko eta gertakarietan inplikatutako poliziak behin-behinean zerbitzutik kentzeko.
Ez da inondik ere onargarria Santurtziko gertakari horiek zoritxarreko istripu bat izan balira bezala geratzea. Beraz, guztiz zentzuzkoak eta are beharrezkoak dira Justizia Anderrentzat plataformaren eskaerak. Mota guztietako azalpenez gain, gertatua argitzeko ikerketa premia bizikoa da. Baina ez da horrela gertatu. Anderren heriotzaren ondoren, ustezko segurtasunaren diskurtso hein handian faltsua nagusitu zen, eta harekin batera, nola ez, poliziak babestea ororen gainetik. Horrelaxe egin zuen Santurtziko udal gobernuak, eta ez zuen falta izan babes mediatikorik ere. Baina gauza bat da kontakizuna eta beste bat egitateak. Plataformaren ordezkari eta Anderren lagunek bertsio ofizialak eta zenbait polizia sindikatuk hildako gaztearen gainean esandakoak gezurtatu zituzten, beren laguna ez zela inondik inora gatazkatsu eta bortitza esan eta haren izena zikintzeko ahalegina salatuz.
Taser pistolen eta, oro har, Poliziaren jokabidearen inguruko eztabaida ez da berria, baina dagokienek ez diote heldu nahi. Polizia herritarren zerbitzurako tresna omen da, baina ez dira salbuespen segurtasunarekin zerikusirik ez duten praktikak haren jardunean, herritarrak arriskuan jartzen dituztenak, paradoxikoki segurtasunaren izenean. Horren izenean erabiltzen dira taser pistolak eta arma «ez hilgarriak», eta, hainbat erakundek salatu dutenez, horiek erabiltzea bera zalantzagarria izanik, askoz zalantzagarriagoa da erabiltzeko modua. Horien erabiltzaileek eta arduradunek, edonola ere, aurre egin behar diote beren erantzukizunari.